Debabarrena eskualdeko Mankomunitateak 13.026.184  euroko aurrekontua onartu du 2017. urterako

2016/12/26
Debabarreneko Mankomunitateak 13.026.184 €-ko aurrekontua onartu du 2017. urterako. Ahalegin ekonomiko nagusia hiri-hondakinen gaikako bilketara eta kudeaketara bideratutako partidetan ikusten da, partida horien zenbatekoa 8.679.673 € baita, guztizkoaren ia bi heren.

Debabarreneko Mankomunitateak 13.026.184 €-ko aurrekontua onartu du 2017. urterako. Ahalegin ekonomiko nagusia hiri-hondakinen gaikako bilketara eta kudeaketara bideratutako partidetan ikusten da, partida horien zenbatekoa 8.679.673 € baita, guztizkoaren ia bi heren. Atal horretan, birziklapena sustatzeko eta bultzatzeko mankomunitateak inbertituko dituen baliabideak nabarmentzen dira, 1.959.150 € bideratuko baitira inbertsioetarako, sentsibilizazio-jardueretarako eta gaikako bilketa hobetzeko prozesuetarako. Jardun horien artean nabarmentzekoa da 1.318.529€ edukiontzien sistema zabaltzeko erabiliko direla, errefusa biltzeko edukiontzi grisa erantsiz eta gainerako hondakin motetarako hornidura areagotuz; gainera, jardunaren sentsibilizaziorako, jendearen arretarako eta informaziorako lanetarako 147.954 € erabiliko dira. Birziklatze-alorrean honako partida hauek ere nabarmendu behar dira: 299.298 € biohondakinaren gaikako bilketarako poltsak eta ontziak erosteko, 201.121 € paper eta kartoiaren gaikako bilketarako, 195.909 € ontzien bilketarako. Arcadio Benítez mankomunitatearen presidenteak nabarmendu du “2017ko aurrekontuak argi uzten duela birziklapenean aurrera egitea dela lehentasuna, 2016an lortutako hobekuntzak sendotzeko eta birziklatze-alorrean Europako helburuetarantz aurrera egiteko”.

Horrez gain azpimarratzekoa da 2017an bilketen maiztasuna % 34 igoko dela gaur egungo maiztasunaren aldean.

Langile-gastuei dagokienez, 2017ko aurrekontuan % 1eko soldata-igoera jaso da, eta horri % 1,2ko beste ordainketa bat gehitu behar zaio, krisiaren ondorioz bi urtez soldata-igoerarik ez izateak erosahalmenean eragin zuen galera berreskuratzeko.

Hondakinen kudeaketarako bideratzen diren 8.669.673 €-etatik, 5.112.459 € mankomunitatearen kostuak dira, gaikako bilketak eragiten dituenak, eta 3.557.214 € GHK-ri ordaintzen zaizkio sortutako errefusa tratatzeko. Horri dagokionez, mankomunitateak nabarmentzen du zenbateko horren ehuneko bat oraindik garatu gabe dauden eta garatuko diren tratamendu-azpiegituretarako erabiliko dela.

Diru-sarreren atalari dagokionez, baliabideen iturri nagusia udalek ordaintzen dituzten kuotek osatzen dute, kuota horiek hondakin-kudeaketako eta kale-garbiketako zerbitzuek eragiten duten kostua ordaintzeko dira. Kontzeptu horiengatik, mankomunitateak 12.371.989,09 € jasotzen ditu, eta diru-sarrera horiek Ecoembesi fakturatutako zenbatekoekin eta paperaren salmentarekin osatzen dira batez ere. Zenbateko horien kopurua 654.195 € da.


AURREKONTUA GUZTIRA:
12.371.989,09 + 654.195 (Ecoembes eta paperaren salmenta)= 13.026.184

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.