Debabarrenak 2013. urte osoan baino materia organiko gehiago bildu du 2014ko lehen sei hilabeteetan

2014/07/17
2014ko urtarriletik ekainera bitarte, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak bildutako etxeko biohondakinen kantitatea 1.295 tona baino handiagoa izan zen, hau da, 2013 urte osoan bildutakoa (1.242 Tn.) baino handiagoa. Sistema berriarekin lortutako datuen bidez, bilketaren errendimendua optimizatzera eta sisteman benetan parte hartzen dutenei tasen hobariak aplikatzera zuzendutako azterlan bat egin ahal izango da.

2014ko urtarriletik ekainera bitarte, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak bildutako etxeko biohondakinen kantitatea 1.295 tona baino handiagoa izan zen, hau da, 2013. urte osoan bildutakoa (1.242 Tn.) baino handiagoa. Erritmo horri eutsiz gero, 2.500 tona materia organiko baino gehiago bilduko dira 2014. urtean (aurreko urtean bildutakoaren bikoitza). Kantitate horren % 90 mankomunitateak Eibarren, Elgoibarren, Ermuan, Mendaron eta Soraluzen instalatuta dituen edukiontzien bidez bildu da. Udalerri horien artean, Eibarren lortutako emaitzak azpimarratu behar dira. Izan ere, Eibarren 256 tona bildu ziren 2013 urteko lehenengo 6 hilabetetan, eta 722 tona 2014ko epe berean (kantitate horrek ia hirukoiztu egiten du aurreko urteko aldi berean bildutakoa).

Bildutako materia organikoaren kantitatearen igoera handiak oso eragin handia izan du gaikako bilketaren ehunekoetan (% 29,62 2013. urtean, eta % 35 baino gehiago 2014an). Eragin hori bereziki esanguratsua izan da 5. edukiontzia ezarri duten udalerrietan, bertan ia % 40ra iritsi baita bildutako kantitatea: Eibarren % 39,89, Elgoibarren % 36,98, Soraluzen % 36,33, eta Ermuan % 35,75. Aurreikusitakoaren arabera, urtearen amaieran emaitza horiek hobera egingo dute. Izan ere, Mendarok duela gutxi ezarri du 5. edukiontzia, eta adierazitako udalerrietako 434 saltokik egin dute bat bilketa horrekin (parte hartzeko kuboak, poltsak eta txartelak jaso dituzte ekainean).

Eibartarren % 75ek erabili du sistema

Maiatzean eta ekainean, mankomunitateak txipa duten 152 edukiontzi instalatu ditu materia organikoa biltzeko, eta 15.000 txartel pertsonalizatu baino gehiago banatu ditu Eibarren, Elgoibarren eta Soraluzen. Sistema berriarekin lortutako datuen bidez, bilketaren errendimendua optimizatzera eta sisteman benetan parte hartzen dutenei tasen hobariak aplikatzera zuzendutako azterlan bat egin ahal izango da.

Azterlana aurretiazko fase batean badago ere, informazio garrantzitsuak ematen dituzten datu batzuk baditugu dagoeneko. Adibidez, Eibarren maiatzaren 16an eta ekainaren 10ean bildutako lagin baten arabera, inskribatutako pertsonen % 75ek erabili zuen txartela materia organikoa edukiontzian uzteko. Azterlanaren lehentasunezko helburuetako bat parte hartu ez zuen % 25 horren analisia izango da, arrazoi posibleak zehaztu eta inskribatutako horiek aktiboago izateko pizgarriak ezarri nahi baitira.

Bestalde, eta erabilera-patroia kontuan hartuta, datu interesgarri batzuk lortu dira: batez beste, txipa duten edukiontziak erabili zituzten pertsonek 2-3 aldiz erabili zituzten. Dena dela, datu horretan ere alde handiak ageri dira. Erabiltzaileen ehuneko esanguratsu batek behin baino ez zituen erabili 20 egunetan; beste batzuek, berriz, hiru, lau edo bost aldiz erabili zituzten.

Mankomunitateko presidente Arcadio Benítezek azpimarratu zuenez, “txiparen sistemaren bidez, parte-hartzea sustatuko dugu, eta benetan parte hartzen duten eta materia organikoa bereizten duten pertsonei hobariak aplikatu ahal izango dizkiegu”. Gaineratu zuenez, helburua honako hau da: “izena eman duten pertsona guztiek parte hartzea, 2014. urtean gaikako bilketa % 40ra irits dadin eta % 60ra iristeko helburura hurbil gaitezen”. Ildo horretan, materia organikoa biltzen hasi ez diren udalerriak “% 60 lortzeko helburuarekin bat egitera” eta bilketa mota hori lehenbailehen abian jartzera animatu zituen Mankomunitateko presidenteak.

Lortutako lehen datuei dagokienez, Mankomunitateko arduradun nagusiak adierazi zuen komeni dela emaitzak argitzea, "izan ere, edukiontzi eta txartelen funtzionamenduaren lehen faseetan gaude, eta normala da pertsona batzuek sistema ongi ez ezagutzea edo sistemarekin oraindik ohituta ez egotea. Nolanahi ere, lortutako informazioa oso tresna garrantzitsua da parte-hartzea areagotzeko”.

Miguel de los Toyos eta Arcadio Benítez

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.