DEBABARRENAKO MANKOMUNITATEAK HERRITARREN % 91ri EMANGO DIO ESTALDURA BOSGARREN EDUKIONTZIAREKIN.

2014ko abenduaren 1a

Mutrikuk ere bosgarren edukiontzia jarriko du, aurreko igandean egindako kontsultan parte-hartzaileen % 82aren babesa jaso ondoren. Arcadio Benítez: “Mutrikuren parte-hartzearekin, herritarrek beren borondatez babesten duten sistema batekin Debabarrenak gehiago birziklatzea ahalbidetuko da”.

Debabarrenako mankomunitateko materia organikoaren gaikako bilketan jauzi kualitatibo handia emanda amaituko da 2014. urtea, bai udalerri parte-hartzaileei dagokienez bai jasotako biohondakinen kantitateari dagokionez. Aurreko igandean egindako kontsultaren ondoren, Mutriku izango da bosgarren edukiontzia jarriko duen seigarren udalerria. Mendaro ere 2014an atxiki da bilketa-sistema honetara; Eibarrek, Elgoibarrek, Ermuak eta Soraluzek lehenagotik ezarrita zeukaten. Horrela, mankomunitateko 66.548 bizilagunek, hau da mankomunitateko biztanleen % 91k, jasoko dute zerbitzu hori.

Mankomunitateak materia organikoa biltzeko sistema hedatu izanak eragin esanguratsua izan du 2014. urtean zehar, bereziki urte hasieran jadanik zerbitzu hori ezarrita zeukaten udalerrietan (Eibar, Elgoibar, Ermua eta Soraluze); izan ere, udalerri horietan bildutako materia organikoaren kantitateak bikoiztu egin dira eta Eibarren kasuan, iazko zifrak ia hirukoiztu egin dira. 2014an 2.500 tona biohondakin baino gehiago biltzea aurreikusi da (denak edukiontzien bidez); 2013an, 1.242 tona bildu ziren.

Materia organikoaren bilketan hobekuntza atzeman da eta gaikako bilketaren emaitza orokorretan ere bai. Mankomunitate osoaren % 29,62ko batez bestekotik abiatuta, bosgarren edukiontzia urte hasieratik ezarrita duten udalerriak ia % 40ra iritsi dira. Badirudi Mendaro eta Mutriku ere zifra horietara irits daitezkeela bosgarren edukiontzia ezartzearekin, eta horrela, mankomunitatearen batez bestekoa ere igoko da (urriaren amaieran % 35,39koa zen).

Mankomunitateko presidente Arcadio Benítez jaunak honako hau adierazi du: “Mutrikuk bosgarren edukiontzia jartzea berri ona da Debabarrenak gehiago birziklatzea ahalbidetuko duelako, hain zuzen ere herritarrek beren borondatez babestu duten sistema batekin”. Era berean, honako hau azpimarratu du: “udalerri batzuk lortu dituzten % 40tik gorako emaitzek mankomunitateak duen % 60ko helburura gehiago gerturatzen gaituzte".


Puntu morea