Elkarte gastronomikoei zuzendutako 5. edukiontziaren erabilera sustatzeko kanpaina berri bat

2013ko urriaren 7a

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak kanpaina berri bat hasi du bostgarren edukiontziaren erabilera sustatzeko, biohondakinak berziklatzeko, alegia. Kanpainaren helburuetako bat, gure eskualdeko elkarte gastronomikoetan edukiontzi honen erabilera zabaltzea da, zuek sortutako hondakinen portzentai haundi batek jatorri organikoa baitu.

Kanpaina hau aurrera eramateko zuen parte hartzea behar dugu, gure kulturaren partaide garrantzitsu bat izanik, berziklapena normalizatzen laguntzeko. Materia organikoaren berziklapen prozesua oso sinplea da, guztiz doakoa eta bolondresa. Mankomunitateak edukiontzia, giltza eta poltsa biodegradagarriak banatuko ditu dohainik. Edukiontzi hauetan mota guztietako hondakin organikoak sartu ahalko dira, sukaldatuak zein gordinak: kafe hondarrak, fruta, barazki, arrain eta haragi soberakinak.... (informazio gehiagorako sakatu hemen). Hondakin hauekin nekazal lurrak ongarritzeko konposta egiten da, lurretik ateratako materia organikoa bueltatzeko, eta horrela ziklo naturala itxi ahal izateko.

Tamaina desberdineko edukiontziak daude eskuragarri elkarte bakoitzaren beharren arabera. Hauek dira aukerak: 10 L. (orain arte etxeetan banatu izan den edukiontzi tamaina), 25 L. eta 50 L. Banatuko den giltza, kaleetan jarritako edukiontziak zabaltzeko erabiliko da behin zuen elkarteko poltsa(k) bete eta itxitakoan. Bestalde, poltsak biodegradagarriak dira eta inolaz ere ezingo dira beste mota batetako poltsak erabili, konpost-prozesua kaltetua izan ez dadin.

Zuen jarduera dela medio eta zuekin goizeko ordutegian harremanetan jartzeko zailtasunak direla eta, ondorengo bilera informatiboak antolatuko dira:

- Eibarren: Azaroak 20, 19:00etan Portalean.

- Elgoibarren: Azaroak 4, 19:00etan Kultur Etxean.

- Ermua: Azaroak 13, 19:00etan Lobianon.

- Soraluze: Urriak 30, 19:00etan Pleno Aretoan.

Ezinezkoa bazaizue bilerara etortzea edo zalantzaren bat argitzeko beharra baduzue, Mankomunitateko telefonoan aurkituko gaituzue: 943.70.07.99, goizeko 9:00etatik 14:00etara (Naiara edo Nadia)


Puntu morea