Gaikako bilketak 2,4 puntuko igoera izan du, eta % 42,04ra iritsi da Debabarrena eskualdeko mankomunitatean

2017/02/27
Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatean, gaikako bilketaren ehunekoa hobetu egin da berriz ere 2016. urtean, eta % 42,04ra iritsi da, hau da, 2,4 puntutan igo da 2015eko ehunekoa (% 39,66). Datua udalerrien arabera aztertuta ikus dezakegunez, emaitzarik onenak Eibarren (% 46,57), Elgoibarren (% 44,63) eta Mallabian (% 45,54) lortu dira.

Mankomunitateko presidente Arcadio Benítezek emaitza horiek balioetsi zituen, eta honako hau adierazi zuen: “zifrak onak dira, baina gehiago kontzientziatu eta parte hartu behar da Europak finkatutako helburuak lortzeko”. Era berean, adierazi zuen helburu nagusiak biohondakinen eta ontzien bilketa-erritmoa azkartzea eta errefusaren murrizketa sustatzea direla. Ildo horretan, Mankomunitateak aurreikusitakoaren arabera 2017. urtean edukiontzi grisa udalerri guztietara zabalduko zela iragarri zuen, errefusa birziklatu ezin diren materialek soilik osa dezaten. Helburu hori lortzeko, herritarrak informatu eta kontzientziatzeko kanpaina bat egitea aurreikusi da.

Bilketaren datuak aztertuta ikus daitekeenez, kudeatutako hondakinen bolumena 29.108 tonatik 29.734 tonara igo da. Igoera hori jarduera ekonomikoak eta kontsumoak gora egin dutelako gertatu da seguruenik. Hori gorabehera, gaikako bilketaren emaitza proportzio handiagoan hobetu da, 11.312 tona izatetik 12.061 tona izatera igaro delako. Atera daitekeen ondorioa honako hau da: nahiz eta kudeatutako hondakinen bolumenak gora egin duen, errefusa edo masan bildutakoa zertxobait jaitsi da, 17.564 tona izatetik 17.233 tona izatera igaro baita.

Materialen arabera, esan dezakegu biohondakina gaikako bilketaren lehenengo korrontea izan zela 2014an 5. edukiontzia jarri zelako, eta orain ere leku horretan jarraitzen du, 3.392 tona bildu baitira. Hilabeteen arabera, batezbestekoa 282.744 kg materia organiko da, 2015ean jaso zena baino ia 20.000 kg gehiago. Gaika biltzen diren 3,5 kilotik bat biohondakina da. Udalerrien arabera, Eibarko eta Mendaroko emaitzak nabarmentzen dira; 64,89 eta 57,94 kg materia organiko jaso dira, hurrenez hurren, pertsona eta urte bakoitzeko, eta Mallabiko datua ere aipatu behar da, 77,91 kg-ra iritsi baita.

Gainerako materialei dagokienez, nabarmendu behar da paperaren gaikako bilketa hobetu egin dela; izan ere, 3.003 tona izatetik 3.165 tona izatera igaro baita. Igoera handi hori gertatu da jarduera ekonomikoa eta kontsumoa hobetu direlako eta bilketa-zerbitzuak areagotu egin direlako mankomunitateko hainbat industrialdetan. Beiraren bilketak egonkor jarraitu du, zertxobait gora egin badu ere (2.024 tona izatetik 2.076 tona izatera igaro da 2016an). Ontziei dagokienez, jaitsiera txiki bat izan da (1.046 tonatik 963ra).

Datu horiek biztanle kopuruarekin alderatuta ikusten denez, hondakinen sorrera biztanle eta urte bakoitzeko 407,24 kg izan zen 2016an, eta 376,27 kg aurreko urtean.

Emaitza onak lortu diren arren, azken urteetako hazkunde-erritmoa moteldu egin da: 2013an aurreko urtean baino zazpi puntu gehiago hazi zen, 2014an sei puntu, 2015ean 4 eta 2016an ez da 3 puntura iritsi. Horren arrazoia zera da, zaila dela hazkunde horri eustea eta birziklatu ezin den errefusa gero eta gehiago murriztea. Horrexegatik, 2017an, mankomunitateak edukiontzi grisa udalerri guztietara hedatzearen alde egingo du, eta, horrekin batera, errefusa biltzeko edukiontziak kenduko ditu. Hori eginez, lortu nahi da birzikla daitezkeen materialak dagozkien edukiontzietan botatzea eta birziklatu ezin diren hondakinak soilik botatzea edukiontzi gris berrian. Edukiontzi horrek txip bat izango du modu egokian erabiltzen dela kontrolatzeko. Edukiontzi berrien hedapena, biohondakinaren bilketan oraindik dagoen potentziala eta Eibarren abenduan lortutako datua (% 49,76) kontuan hartuta esan dezakegu guztion partaidetzarekin erraz lortu ahal izango dugula % 50eko helburua 2017an.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.