Hondakin kopurua jaitsi eta composta sortzeko kanpaina

2010/02/05
Debabarreba Eskualdeko Mankomunitateak, sortzen ditugun hondakinen birziklatzean sakonduz, kanpaina berri bat abiatu du. Helburua hondakinak murriztea da, hondakin organikoekin konposta sortuz. Horretarako, mankomunitate honek herritarrei 140 konpostatzaile eskaintzen dizkie, janari eta lorategi hondarrak aprobetxatzeko, haiekin konposta egiteko asmoz.

Kanpaina urrian hasi zen baina bukatu da dagoeneko. Ortua edo lorategia daukaten eta konposta egin nahi duten herritarrei konposta egiteko edukiontzi bana utziko zaie. Aldez aurretik ordu eta erdi inguruko informazio hitzaldira etorri behar dute nahitaez. Hitzaldi horretan, pertsona kualifikatuek konposta edukiontzian nola egin azaltzen diete. Hitzaldi horretan, konposta egiteko zein urrats egin behar diren, inausketako zein hondakin edo zein jaki erabili ahal diren, nolako arazoak sor daitezkeen eta arazoen konponbideak azaltzen dira. Konposta egiteko edukiontziaz gain etxean konposta egiteko eskuliburua eta aholku eskatzeko telefono zenbakia eta arreta emango zaizkie.

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak konpostatzaileei jarraipena egingo diez, zenbat eta nolako konposta sortzen duten jakiteko.

Kanpaina honetan parte hartu nahi duten Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko herritarrek (Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku herrietakoek) 943.70.07.99 telefonora deitu behar dute, azaroaren 3a baino lehen. Epea itxitakoan, eskatzaileen kopurua eta jatorria kontuan izanik, hitzaldiak antolatuko dira. Eibar, Elgoibar edo Deban egingo dira, azaroaren amaieran edo abenduan.

Konposta zertan datza?

Konposta egitea gai organikoak (adarrak, hostoak, janari-hondarrak eta abar) araldaketa prozesu batean sartzea da, konposta sortzeko helburuarekin. Konposta gai organikoen deskonposizio naturalaren emaitza da. Deskonposizioa mikroorganismoek (bakteriek, onddoek, eta abar) eta organismo txikiek (harrek, kakarraldoek, eta abar) egiten dute.

Egunero sortzen den zaborraren %33 organikoa da. Portzentaje hori birziklatu ahal da eta lurrera konpost gisa itzuli, landare eta laboreetarako. Horrela, hondakindegietara eramaten diren hondakinak murrizten dira.

Konposta egitean, gai organikoen bolumena %80 murrizten da. Hau da, konposta egiteko edukiontzian sartzen ditugun 100 kilo gai organiko bakoitzeko, 20-25 kilo konpost aterako ditugu.

Sukaldetik, ondoko hauek konpostatu ahal dira:
-    Fruta eta barazkien hondakinak (egosita edo labean egina badago bai, frijitua badago ez).
-    Arrautza-oskol txikituak.
-    Arroz eta pasta egosiak.
-    Iraungitako jogurt eta zukuak.
-    Kafe hondarrak eta iragazkiak.
-    Infusioen poltsak (grapak kendu ondoren) eta hondarrak.
-    Sukaldeko papera, paperezko ahozapiak.
-    Kartoizko arrautza-ontziak, uhin-kartoiak.
-    Aluminio-paperaren kartoizko tutua, sukaldeko papera…
-    Ogia

Eta ortutik edo lorategitik:
-    Hostoak, loreak eta landare berde edo sikuak.
-    Belarra.
-    Inausketako hondar txikituak.
-    Zur naturalaren zerrautsa eta errautsa.
-    Ortuko uztaren hondarrak.
-    Eroritako fruta.
-    Lastoa.

Ezin dira konpostatu:
-    Haragia, arraina eta hezurrak.
-    Gaixorik dauden landareak.
-    Olio frijituak.
-    Etxeko animalien eta gizakien kaka.
-    Ikatzaren errautsak.
-    Tratatutako zuren zerrautsa edo errautsa.
-    Ilustratutako aldizkariak edo kolorez inprimatutako papera.
-    Ekorkinak eta xurgagailuko hondarrak.
-    Zigarroen iragazkiak.
-    Organikoa eta biodegradagarria ez den edozein material.

Nola konpostatu:

Konposta egiteko edukiontzian sartzen diren materialak bi motatakoak izan daitezke: material fresko eta hezeak (berdeak), adibidez barazki hondarrak, soropila... eta material lehorrak (marroiak), adibidez orbela, adarrak, kartoia…

Egunero material heze eta material lehor kopuru txikiak uzten dira edukiontzian, konpostagailuaren hezetasuna orekatzeko. Konpost egokia lortzeko, material ezberdinak ondo nahastu beharra dago. Nahasketa astean behin edo bitan egin behar da.

Bospasei hilabete igarotakoan, konpostagailuaren beheko aldean konpost heldua lortuko da. Sortzen den konposta, produktu erabat naturala denez gero, edozein landare motarako erabil daiteke, etxe barrukoa nahi kanpokoa, lorategiko landareetan, fruta-arboletan, jardineretan, soropilan...

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.