Iritsi da Eibarrera eta Elgoibarrera Biohondakinak gaika biltzeko edukionzi berria

2012ko urtarrilaren 23a

Hasieran, 5.000 familiak har dezakete parte hondakin-mota honen bilketan. Horretarako, edukiontzia irekitzeko giltza eskatu behar da.

Hondakinen birziklaketa hobetzeko konpromisoari tinko eusten dio Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak. Ahalegin horri jarraiki, biohondakinak biltzeko sistema berri bat ezarri behar du laster, kalean: edukiontzi berriak (marroiak).

Eibarren eta Elgoibarren ekingo zaio kanpainari. Hasieran, bi udalerri horietako biztanleriaren zati batek bakarrik hartuko du parte bilketan, horretarako jarriko diren edukiontzien bidez (18 Eibarren, 6 Elgoibarren); ondoren Debabarreneko Mankomunitate osora zabalduko da biohondakinen bilketa.

Etxean sorten diren biohondakin gehienak elikagaien eta lorezaintzako lanen hondakinak izan ohi dira (gure etxeetako hondakinen %43). Hondakin arrunten edukiontzira botatzen baditugu, orain arte bezala, zabortegira eramango dituzte, eta alferrik galduko dira. Aitzitik, edukiontzi marroi berrira eramaten baditugu, Konpostaje Instalaziora eraman eta konpost bihurtuko dituzte. Jakingo duzuenez, lurra ondu egiten du konpostak, substratu naturala izaki, eta obra zibilean, lorezaintzan, nekazaritzan eta beste zenbait jardueratan erabiltzen da.

Koloreaz aparte, berrikuntza hau du edukiontzi marroi berriak gainerako edukiontziekiko: hura irekitzeko, giltza behar da; ez dago bestela irekitzerik (beti giltzaz itxita egon behar du edukiontzi honek). Hartara, hala nahi duten eta informaio egokia duten familiek bakarrik utziko dituzte beren biohondakinak edukiontzi horietan, eta hondakinekin egiten den konpostaren purutasuna bermatu egiten da (animalia eta landare elikagaien hondakinak bakarrik utzi behar dira edukiontzi horietan).

Eibarren, kale hauetako familiek har dezakete parte lehen fase honetan: Ardanza, Arragueta, Arragueta zeharra, Bidebarrieta, Bitor Sarasketa, Blas Etxeberria, Errebal, Estaziño, Fermín Calbetón, Ibarkurutze, Ifar kalea, Julian Etxeberria, Muzategi, Pagaegi, Plaza Barria, San Agustín, San Joan, Toribio Etxeberria, Urtzaile, Urkizu eta Zuloaga.

Elgoibarren, berriz, hauetan: Pedro M. Urruzuno, Artekale, San Frantzisko, Foruen Plaza, Nafarroa Plaza, Errosario kalea, San Bartolome, Antonio Arrillaga, Aita Agirre Plaza, San Ignazio kalea, Ubitarte Plaza, Trenbide, Bernardo Ezenarro.

Bilketa honetan izena emateko beharrezkoa izango da aldez aurretik adierazitako kaleetan bizitzea. Izena emateko bi bide dituzue:

- Aipatutako kaleetako atarietan ipinitako kartelen bidez (zehazki zer etxetan bizi zareten adierazi).

- Edo kanpainako telefono zenbakira deituz (943.67.02.49)

Izena ematen duten etxe guztiei, edukiontziaren giltza, poltsa konpostagarriak eta ontzitxo berezi bat (hondakin-mota hori sukaldean bereizteko) emango die Debabarreneko Eskualdeko Mankomunitateak. Edukiontzi marroian nola birziklatu behar den argitzen duen informazio-orri bat ere banatuko zaie.

Materiales contenedor marrón

Urtarrilaren 12an eta 13an jarriko dira kartelak atarietan, eta urtarrilaren 22ra arte eman daiteke izena. Giltza, poltsak eta ontzitxoa, berriz, urtarrilaren 30etik aurrera banatuko dira.

Hartu parte zeuk ere, eta lagundu ingurumena zaintzen!

Informazio interesgarria:

ZER UTZI DAITEKE?

KOMUNIKAZIO KANPAINAREN PLANGINTZA


Puntu morea