Mankomunitateak poltsa konpostagarrien doako zerbitzua zabaldu du Eibarren

2015/10/19
Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak poltsak banatzeko beste makina bat jarri du Orbea kiroldegian, Urkizu pasealekuan, joan den martxoaz geroztik Untzaga plazan funtzionatzen ari denari erantsiko zaiona. Poltsa konpostagarriak erabiltzea ezinbestekoa da, Mankomunitateko presidente Arcadio Benítezek gogora ekarri duenez: "Zabor-poltsa normalak erabiltzeak materia organikoa kutsatzen du, eta parte-hartzaileen ahalegina alferrikakoa da kasu horretan”.

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak poltsak banatzeko beste makina bat jarri du Orbea kiroldegian, Urkizu pasealekuan, joan den martxoaz geroztik Untzaga plazan funtzionatzen ari denari erantsiko zaiona. Poltsa konpostagarriak erabiltzea ezinbestekoa da, Mankomunitateko presidente Arcadio Benítezek gogora ekarri duenez: "Zabor-poltsa normalak erabiltzeak materia organikoa kutsatzen du, eta parte-hartzaileen ahalegina alferrikakoa da kasu horretan”. Horregatik, Mankomunitateak poltsa biodegragarrien zerbitzua zabaldu nahi izan du, eta nahi duenak poltsak guztiz doan jasotzen jarraitu ahal izango du. Orain arte, Untzagan jarritako makina 30.000 poltsa ematen ari da hilean, gutxi gorabehera, 1.350 biribilki guztira.

Poltsak ongi erabiltzeaz gain, funtsezkoa da, halaber, 5. edukiontzian edo edukiontzi marroian bota beharreko hondakinak behar bezala bereizi eta hautatzea: kozinatutako eta kozinatu gabeko landare-hondakinak (frutak, barazkiak, lekaleak, ortuariak, pastak, loreak eta abar) eta abere-hondakinak (haragia, arrautzak, arraina, itsaskiak eta horien oskolak edo hezurrak), sukaldeko papera, ezpain-zapiak, paperezko mukizapiak, kartoizko arrautzaontziak, kafe-iragazkiak, ogi- eta opil-hondarrak, baita kortxo naturalezko tapoiak eta txotxak ere. Nolanahi ere, beste hondakin batzuk, ez dira 5 edukiontzian utzi behar (informazio gehiago www.debabarrena.eus). Arcadio Benítezek azpimarratu duenez, “materia organikoa zabor-poltsaren % 40 da, eta hortaz funtsezkoa da guztira % 60 birziklatu ahal izateko”.

Ordutegiak eta erabiltzeko modua

Orbea kiroldegian jarritako makina berria 07:30etik 21:30era erabili ahal izango da astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara larunbatetan, eta 09:00etatik 14:00etara igande eta jaiegunetan, hurrenez hurren. Untzaga plazan, Arkupe tabernaren ondoan jarritakoa, berriz, 06:30etik 20:30era astelehenetik ostiralera, eta 06:30etik 14:00etara larunbat, igande eta jaiegunetan. Erabiltzeko modua oso erraza da. Erabiltzaileak txartela hurbilduko du irakurgailura, hain zuzen ere biohondakinen edukiontzi marroia irekitzeko duen txartela, eta makinak 22 poltsako biribilki bat utziko du erretiluan. Hiru aste pasa arte makinak ez dio erabiltzaileari beste biribilki bat emango, eta beraz poltsa bat edukiko du egun bakoitzeko.

Makinetan ez ezik, PEGORA Eibarko herritarren zerbitzurako bulegoan ere jaso daitezke poltsak, Udaletxean. Goizez, 08:30etik 14:30era astelehenetik ostiralera, eta arratsaldez, 15:30etik 19:00etara, astelehen, astearte eta asteazkenetan.

Edozein zalantza argitu edo kontsulta egiteko, deitu 943 700 799 telefono-zenbakira.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.