492.844,48 euroko inbertsioa egin du aurten Mankomunitateak kale garbiketa zerbitzua indartzeko

2022ko urriaren 21a

Ibilgailu eta makina zaharrak berritzearekin eta dagoeneko eskaintzen den zerbitzua indartzearekin dute zerikusia inbertsioek, kalitatezko kale garbiketa zerbitzua eskaintzen jarraitzeko helburuarekin.

Kale garbiketa zerbitzua indartzeko hainbat inbertsio egin ditu aurten Mankomunitateak, udalerriei esakintzen dien zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Hori horrela, aurten kale garbigailu txiki bat eta bi handi, puzgailuak, eta kale garbiketarako gurdiak erosi ditu, besteak beste. Guztira 492.844,48 euroko inbertsioa egin du aurten Mankomunitateak kale garbiketa zerbitzua indartzeko.

 

Kale garbigailu txikia Mallabiako kale garbiketa zerbitzua indartzeko erosi zuen Mankomunitateak ekainean, 62.920 euroko prezioan, BEZ barne. Horrez gain, bi garbigailu handi erosiko ere erosiko ditu aurten, orain daudenak ordezkatzeko, zaharkituta daudelako. Hauek erosteko lizitazioak ekainean abiarazi zituen Mankomunitateak eta kontratazio prozesuan daude orain. Bi gailuak erosteko aurrekontua 340.000 eurokoa da, BEZ barne. Modu berean, kaleak garbitzeko gurdiak ere berritu behar izan ditu Mankomunitateak, aurrez zeudenak hondatzen ari zirelako. Burdinezko 28 gurdi eta aluminiozko bost erosi ditu aurten Mankomunitateak, 9.492,92 euroko aurrekontuarekin, BEZ barne. Puzgailuen kasuan ere, beharrezkoa izan da hauek ordezkatzea, kale garbiketan egunero erabiltzen diren elementuak direlako eta ordezko puzgailurik ez baitzegoen. 25.000 eurotan erosi dira puzgailu berriak, BEZ barne.

 

Hidrogarbigailu berria, herritarren eskaerei erantzunez

 

Bestalde, eskualdeko herrietako kaleak txukun eta garbi mantentzeko, Mankomunitateak hidrogarbigailu berri bat erosi du aurten, izan ere, hainbat herritarrek ura erabiliz kaleak sakonago garbitzeko eskaria egin zioten Mankomunitateari, eta eskari horiei erantzunez, Mankomunitateak 55.494,56 euroko inbertsioa egin du, BEZ barne, makina hidrogarbigailu berri bat erosteko, ohiko garbiketa metodoen osagarri izan dadin eta zerbitzua indartzeko.

 

Kale garbiketarako erabilgarria den ibilgailu elektriko berria

 

Horrez gain, trantsizio energetikorako bidea egiten ere hasi da aurten Mankomunitatea bi ibilgailu elektrikoren erosketarekin. Horietako bat funtzioanitza da eta kale garbiketarako erabili daiteke -paperontzietako hondakinak gaika jasotzeko ere bai-, zehazki paperontziak, zaborra etab. biltzeko kutxa irekia dauka, eta baita kale garbiketarako hidrogarbigailu gisa aritzeko ekipamendua ere (130 bareko presiodun ur-ponpa batekin eta 200 litroko ur-biltegiarekin).

 

Udalerri bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua

 

Udalerri guztietako zerbitzua indartzeko egindako inbertsioez gain, herri bakoitzarekin duen hitzarmenaren bidez, haien beharretara egokitutako kale garbiketa zerbitzua eskaintzen du Mankomunitateak. Jasotako eskaerei erantzunez, baliabide desberdinak ahalbidetzen dizkio udalerri bakoitzari.

 

Urte hasieran Mendaron eta Mallabian handitu zuen zerbitzua Mankomunitateak, eta eskaerei erantzunez, baliabide berriak eskaini zituen bi herrietan: ekortzeko makina berri bana ahalbidetu dizkio aurten Mankomunitateak Mendaroko eta Mallabiako Udalei. Horrez gain, kipamendu berriak eta modernoagoak erosteko inbertsioak egin dituzte eta herri bakoitzean kaleak garbitzeko gidari postu berri bat kontratatu dute. Mankomunitatea aduratu da berrikuntza hauek kudeatzeaz, udalerri bakoitzarekin duen hitzarmenaren bitartez.

Eibarren ere berriki indartu du kale garbiketa zerbitzua Mankomunitateak: bi makina hidrogarbigailu berri ahalbidetu dizkio udalerriari, baita hauek gidatzeko pertsonala ere.


Puntu morea