Birziklatutako bio-hondakinekin sortutako konposta banatuko du Mankomunitateak Gabonetako opari gisa abenduaren 16an Elgoibarren

2021ko abenduaren 13a

Ostegunean, abenduak 16, Elgoibarko Aita Agirre plazan, 9:00etatik 13:30etara banatuko du Mankomunitateak birziklatutako hondakin organikoekin sortutako konposta doan.

Debabarrenako Mankomunitateak aurten ere Gabonetan birziklapena areagotzeko kontzientziazio kanpaina abiarazi du “gabonetako oparirik onena: hondakinei bigarren bizitza bat ematea” lelopean. Kanpainaren ardatza izango da abenduaren 16an Elgoibarren egingo den ekintza. Goizeko 9:00etatik 13:30etara Mankomunitateak postu bat jarriko du Aita Agirre plazan, eta eskualdean birziklatutako bio-hondakinekin sortutako konposta banatuko die doan hurbiltzen diren herritarrei, Gabonetako opari gisa.

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, “ekintza honen helburua da ikusaraztea hondakinak birziklatuta bigarren bizitza bat ematen zaiela. Gabonetan opariak egiten dira, eta guk aurten herritarrei haien ohitura onen fruituak oparitu nahi dizkiegu. Birziklatzen dugunean, hondakinei bigarren bizitza bat ematen diegu, eta, hori irudikatzeko, eskualdean jaso dugu bio-hondakinekin sortutako konposta lorontzietan banatuko dugu, landare bat landatzeko haziekin batera. Jasangarritasunaren aldeko pausuak ematen jarraitzeko eta ingurumena zaintzeko, ezinbestekoa da herritarren inplikazioa. Keinu honekin birziklatzen duten pertsonei adierazi nahi diegu hondakinak birziklatzeko egiten duten ahaleginak baduela eragin positiboa. Eta, oraindik modu egokian birziklatzen ez dutenei erakutsi nahi diegu badaudela ohiturak aldatzeko eta hondakinak gaika biltzen hasteko arrazoiak, eta guztion artean gure eskualdean aldaketa sortzeko gai garela.”

Eskualdeko edonor bertaratu daiteke Mankomunitatearen postura konposta jasotzera. Mankomunitatearen postuan bi pertsona egongo dira konposta banatzen eta herritarrei informazioa ematen. 

Ekintza hau Elgoibarren egingo da lehenengoz, eta herritarrek erakusten duten interesaren arabera,  gainerako herrietara zabaltzeko aukera aztertuko da.

 

 

 


Puntu morea