Debabarrenako Mankomunitateak udako hilabeteetan birziklatzen jarraitzearen garrantzia gogorarazi du

2020ko uztailaren 9a

Mankomunitateak gogorarazi du oso garrantzitsua dela birziklatzen jarraitzea, hondakinen gaikako bilketa murriztu egiten baita udako hilabeteetan.

Covid 19aren eraginak eta alarma-egoerak erakutsi digute, besteak beste, ingurumenaren zaintzak zutabe garrantzitsua izan behar duela etorkizuneko gizarteetan. Horregatik, gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa da gure hondakinak dagozkien edukiontzietan bereiztea.

Uztailean eta abuztuan gaikako bilketari buruzko datuak murriztu egin ohi dira. 2019ko uztailean, gaika bildutako hondakinak % 51,6a izan ziren, eta abuztuan %47,86a, urteko batez bestekoa, %54,02, baino gutxiago. Aurtengo uda ezohikoa izango da, baina, hala ere, Mankomunitateak eskualdeko herritarrak  “birziklatzen jarraitzera animatu” nahi ditu, “euren etxeetan, elkarte gastronomikoetan, ostalaritzan, merkataritzan eta industrietan.” Adierazi duenez, “herritar bakoitzak hondakinak bereizteko egiten dituen keinu txikiek gaikako bilketaren datu hobeak emango dizkigute eskualde osoan.”

Mankomunitateak aipamen berezia egiten die hondartza eta ibaien inguruneei. "Udan asko bisitatzen diren guneak dira, eta batzuetan ez dira hondakinak behar bezala bereizten." Gure kaleetan ugaritzen ari diren plastikozko maskara eta eskularruekin “kontu handia” izatearen garrantzia azpimarratu du: errefusaren edukiontzi grisean utzi behar dira, ez baita material birziklagarria.

Azkenik, mankomunitateak nabarmendu duenez, "Debabarrenan gero eta pertsona gehiagok laguntzen dugu ingurumena hobetzen birziklatzearen bidez", eta herritarrei udako hilabeteetan ere “ohitura onekin” jarraitzeko eskatu die.


Puntu morea