Debabarreneko mankomunitateak “helburua: 60” kontzientziazio kanpaina abiarazi du parte-hartzea areagotzeko eta gaikako bilketa % 60ra irits dadin 2016. urtean.

2015ko apirilaren 13a

Debabarreneko mankomunitateak kontzientziazioko eta sentsibilizazioko programak indartuko ditu helburu oso zehatz bati jarraiki: gaikako bilketan % 60ra iristea. 2012. urtetik 2014. urtera bitarte asko aurreratu dugu, mankomunitatearen batez bestekoa % 22tik % 35,7ra igo baita

Debabarreneko mankomunitateak kontzientziazioko eta sentsibilizazioko programak indartuko ditu helburu oso zehatz bati jarraiki: gaikako bilketan % 60ra iristea. 2012. urtetik 2014. urtera bitarte asko aurreratu dugu, mankomunitatearen batez bestekoa % 22tik % 35,7ra igo baita. Emaitza hori nabarmen hobetu da 5. edukiontzia ezarri duten herrien kasuan, hala nola, Eibarren: 2014. urtean % 40tik gora iritsi zen eta gai organikoaren bilketa hirukoiztu egin zen.

2016. urteari begira, beste urrats bat aurrera egitea da helburua, egungo % 40tik % 60ra iristeko, betiere bere garaian Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketari buruzko Plan Integralean finkatutako helburuetan eta Europako araudietan zehaztutakoaren ildotik. Gai organikoaren edukiontzia mankomunitateko herri guztietan ezartzen denean (Deban eta Mutrikun 2015ean ezarriko da), herritarrak kontzientziatzea funtsezko faktore izango da “izen-ematearen kulturatik” “parte-hartzearen kulturara” igarotzeko. Ildo beretik, Debabarreneko presidente Arcadio Benítez jaunak esan duenez, “Kontzientziazioa funtsezkoa da herritarren parte-hartzea indartzeko eta gaikako bilketan % 60ko helburura iristeko”.

Kontzientziazio-programa indartzeko, mankomunitateak “Helburua: 60” dibulgazio-kanpaina abiaraziko du apiriletik aurrera. Jardun horren helburu nagusiak honako hauek dira:

  • Herritarrengan % 60ko helburua finkatzea
  • Hondakinak bereizteari buruzko informazioa hobetzea
  • Gai organikoa birziklatzearen garrantzia nabarmentzea
  • Parte-hartzea eta 5. edukiontziaren erabilera hobetzea

Gai organikoaren bilketan parte hartzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Arcadio Benítezek; izan ere, gai organikoak zabor-poltsaren % 40 baino gehiago osatzen baitu: “Biohondakinaren bilketan guztiok parte hartzen badugu, % 60ko helburua esku-eskura dugu”.

Herritarrak kontzientziatzeko eta parte-hartzea sustatzeko hainbat ekintza aurreikusi ditugu; besteak beste, “Helburua: 60” liburuxkaren 35.000 ale argitaratuko dira eta mankomunitateko etxe guztietako postontzietan banatuko ditugu. Argitalpen horretan ikuspegi bisualari eman diogu garrantzia hondakinak bereizteko garaian ohiko moduan sortzen diren zalantzak argitzeko, eta paper ekologikoan inprimatu dugu. Horretaz gain, tokiko aldizkari eta prentsan eta irratietan iragarkiak ere jarriko ditugu. Kanpainak 19.700 €-ko aurrekontua du.


Puntu morea