Edukiontzi kanpoan hondakinen poltsak uzten dituztenekin neurriak hartzen hasi da Mankomunitatea

2022ko otsailaren 17a

Mankomunitatearen hondakin bilketaren ordenantzan oinarrituta, herritarren kezkei eta kexei erantzunez, eta udaltzaingoek egindako atestatuei jarraiki, lau zigor expediente ireki dira 2021eko urritik hona.

Azken hilabeteetan hainbat herritarrek azaldu dute kezka edukiontzi inguruetako puntu batzuetan pilatzen diren hondakin poltsengatik, ingurua zikintzen dutelako eta herriko zenbait kaleetan ibiltzea esperientzia desatsegin bihurtzen dutelako.

Egunero eskualdean 1.000kg hondakin inguru jasotzen dira edukiontzi kanpoan utzitako poltsetan. Jokabide honek sortzen dituen arazoei irtenbide bat emateko helburuarekin, eta herrietako kaleak txukun mantentzeko, neurriak hartzen hasi da Mankomunitatea.

2021eko urritik hona lau zigor espediente ireki dira, Mankomunitatearen hondakin bilketaren ordenantzan oinarrituta, eta udaltzaingoek egindako atestatuei eta herritarren kexei erantzunez. Bi establezimendu, horietako bat bi aldiz, eta pertsona partikular bat zigortu dira hondakin poltsak edukiontzi kanpoan uzteagatik. Izan ere, Mankomunitateak egunero eskaintzen du zabor bilketa zerbitzua, eta egunero husten ditu edukiontziak, hortaz, beti dago lekua poltsak edukiontzien barruan uzteko.

Hartzen diren lehen neurriak izanik, leun jokatu du Mankomunitateak, abisu moduan. Dena den, jokabide desegoki hauek erantzuna izango dute hemendik aurrera, eta 200 euroko isuna ezartzea eragin dezakete.


Puntu morea