Edukiontzi kanpoetan agertzen diren zabor poltsa kopuruarekin kezkatuta, neurriak hartuko ditu Mankomunitateak

2020ko urriaren 15a

Edukiontzi kanpoetan agertzen diren zabor poltsa kopurua kezkagarria da Mankomunitatearentzat, eta herritarrei gogorarazten die, isunak jartzen hasiko ez badira ere, arau hauste arina dela eta 300 eurorainoko isuna ezarri daitekeela zabor poltsak edukiontzi kanpoan uzteagatik.

Alarma egoeraren aurretik, egunero 1000kg hondakin inguru jasotzen ziren eskualde osoan edukiontzi kanpoan utzitako poltsetan. Konfinamenduan kopuru hau murriztu bazen ere, uda ondoren berriro gora egin du eta 800kg-ko langa gainditu du irailean. Mankomunitateak egunero biltzen ditu poltsa hauek herriak garbi mantentzeko helburuarekin, baina herritarrei deia luzatzen die zabor poltsak edukiontzi barruan sar ditzaten. 

Mankomunitateak gogorarazten du zabor poltsak edukiontzietatik kanpo lagatzea arau hauste arina dela ordenantzaren arabera, eta ondorioz 300 euro arteko isuna ezarri daitekeela portaera okerra duten herritarrei. Mankomunitatearen helburua ez da isunak jartzen hastea, baina jarrera aldaketa bat ikustea ezinbestekoa da eta dei egiten die oraindik ere zabor poltsak kanpoan uzten dituzten herritarrei jarreraz aldatu dezaten.

Urteak dira eskualdeko edukiontzien ondoan zabor poltsak agertzen direla. Mankomunitatea jakinaren gainean dago aspalditik, eta gauero pasatzen da langile bat herrietatik poltsa hauek jasotzera. Zoritxarrez, kasu batzuetan goizean goiz uzten dituzte poltsa hauek edukiontzi kanpoan eta egun guztia igarotzen dute kalean, itxura txarra emateaz gain, ingurumen arazoak sortuz.

Beheko grafikoan ikusten da edukiontzi kanpoan utzitako zabor poltsen bilakaera, hilabete bakoitzean egunero edukiontzi kanpoko poltsetan jasotzen den zaborra kg-tan ageri da.

 


Puntu morea