Hondakin kopuru handia sortzen duten zerbitzuetan ontzi arinen gaikako bilketa sustatzeko kanpaina berria

2022ko irailaren 16a

Orain arte biztanleriaren segmentu desberdinetan gaikako bilketa sustatzeko egin dituen ekimenei jarraipena emanez, Mankomunitateak ontzi arinetan jarri du orain fokua, zatiki honetan hobetzeko tarte nabarmena baitago eskualdean.

Mankomunitatea eskualde osoko 28 gune bisitatzen hasi da aste honetan, gehienak zerbitzuen sektorekoak, hala nola hotelak, adinekoen egoitzak eta osasun-zentroak. Helburua da eskualdean gaika biltzen diren ontzien kopurua handitzea.

Debabarrenako Mankomunitateak lanean jarraitzen du, biztanleriaren segmentu desberdinetan gaika bildutako hondakinen kopurua handitzeko.

Biztanleriaren segmentu guztietan eraginez

2022ko lehen erdian, Mankomunitateak hainbat ekimen egin ditu hainbat sektoretan eragiteko, eskualdeko birziklatze-tasa handitze aldera: eskualdean jantokia duten enpresetan, biohondakinak biltzeko erraztasunak emateko; eta saltoki txikietan eta azalera handietako establezimenduetan, hondakinen gaikako bilketa sustatzeko.

Ontzi arinen gaikako bilketa, erronka nagusia

Orain, Mankomunitateak fokua zatiki jakin batean jarri nahi izan du, non hobetzeko tarte nabarmena dagoen: ontzi arinak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) datuen arabera, 2022ko lehen seihilekoan 708 tona ontzi bildu ziren Debabarrenan, hau da, 19kg biztanleko urtean. Debagoiena edo Urola Kosta bezalako mankomunitateetan 38 eta 46 kg jaso ziren, hurrenez hurren, seihileko horretan bertan.

Ratio horietara iristeko asmoz, Mankomunitateak hainbat ekimen jarriko ditu abian datozen hilabeteetan, eta horien artean dago hondakin asko sortzen dituzten guneetan ontziak gaika biltzea sustatzea helburu duen kanpaina berri hau.

Aste honetan hainbat lekutara bisitak egiten hasi da Mankomunitatea, hala nola hoteletara, osasun-zentroetara eta adinekoen egoitzetara. Bisita hauen Helburua da bertan hondakinak bereizteko dituzten aukerak baloratzea, eta zentro horiek ontzi arinak edukiontzi propioen bidez bereizteko behar dituzten bitartekoak eskaintzea. Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratu du ekonomia zirkularra sustatzen duten proiektuen artean eta 16.939,19 euroko finantziazioa jaso du Mankomunitateak aurrera eramateko.

Hondakinak bereizteagatiko diru-sarrerak

Mankomunitateak behin baino gehiagotan azpimarratu du hondakinak bereizteak, ingurumenari mesede egiteaz gain, Mankomunitateari hainbat diru-sarrera eragiten dizkiola, ondoren bilketa zerbitzuan hobekuntzak egiteko erabiltzen direnak. Edukiontzi horian bildutako ontzi arinen kasuan, Ecoembes erakundeak 555.000 euro baino gehiago itzuli zizkion Debabarreneko Mankomunitateari.

Azkenik, Mankomunitateak herritarrei berriz gogorarazi nahi die hondakinak oro har eta ontzi arinak bereziki birziklatu ditzaten beren etxeetan, lantokietan eta dendetan, izan ere, hondakinak gaika bereizteak onurak dakarzki biztanleriarentzat eta baita ingurumenarentzat ere.

Edukiontzi horian plastikozko botilak, garbiketa-ontziak, erretiluak eta paketeak, elikagaien eta edarien latak eta tetra brickak bezalako ontziak utz daitezke. Garrantzitsua da hondakin horiek dagokion edukiontzi barruan uztea, bestela ez baitira gaika biltzen.


Puntu morea