Kale garbiketa indartzeko hidrogarbigailu berria

2022ko ekainaren 10a

Debabarrenako herrietako kaleak txukun eta garbi mantentzeko zerbitzua hobetzeko hidrogarbigailu berria erosi du Mankomunitateak.

Mankomunitateak bere zerbitzuak hobetzen jarraitzen du, eta beste makina hidrogarbigailu bat erosi du kale garbiketa zerbitzua indartzeko, eskualdeko udalerrietako kaleak garbi eta atsegin mantentzeko helburuarekin.

 

Hainbat herritarrek ura erabiliz kaleak sakonago garbitzeko eskaria egin zioten Mankomunitateari, eta eskari horiei erantzunez, Mankomunitateak 55.494,56 euroko inbertsioa egin du, BEZ barne, makina hidrogarbigailu berri bat erosteko, ohiko garbiketa metodoen osagarri izan dadin eta zerbitzua indartzeko.

 

Hidrogarbigailuek presiozko ura erabiltzen dute zikinkeria erabat desagerrarazteko edozein gainazaletan, eta oso praktikoak eta eraginkorrak dira kale garbiketarako.

 

Mankomunitateak zerbitzua handitu du Mendaron eta Mallabian

 

Debabarrena Mankomunitateak ekortzeko makina berri bat ahalbidetu dio Mendaroko Udalari, udalerriaren eskariari erantzunez, eta dagoeneko martxan dago herriko kaleak garbitzen. Mallabiak ere ekortzeko makina berri bat eskatu du aurten eta Mankomunitatea eskaria bideratzen ari da.

 

Izan ere, Mendaroko eta Mallabiako Udalek kale garbiketa indartzeko ahalegina egin dute aurten, herria garbiago mantentzeko apustuan. Ekipamendu berriak eta modernoagoak erosteko inbertsioak egin dituzte eta herri bakoitzean kaleak garbitzeko gidari postu berri bat kontratatu dute. Mankomunitatea aduratu da berrikuntza hauek kudeatzeaz, udalerri bakoitzarekin duen hitzarmenaren bitartez.

 

Kaleak atsegin mantentzeko neurri gehigarriak

 

Kaleak garbitzeko makinaria indartzeaz gain, aurtengo otsailean Mankomunitatea neurriak hartzen hasi zen edukiontzien kanpoaldean hondakin poltsak uzten dituzten pertsonekin, herritarren kezkei eta kexei erantzunez, eta udaltzainek egindako atestatuei jarraituz. Hartzen ziren lehen neurriak izanik, Mankomunitateak malgutasunez jokatu zuen abisu gisa.

 

Hala ere, edukiontzien inguruko zenbait tokitan pilatzen diren hondakin poltsen kopurua gutxitu ez dela ikusita, Mankomunitateak protokolo berri bat onartu du: aldizkako ikuskapenak egingo ditu udalerrien erdiguneetan, edukiontzien kanpoan behar ez bezala uzten diren hondakin poltsak kontrolatzeko eta jardunbide txar horiek egiten dituzten pertsonak edo enpresak identifikatzeko, beharrezko neurriak hartzeko. Lehen instantzian polizia atestatu bat irekiko da, eta jardunbide desegokiak jarraitzen badu, zehapen espediente bat irekiko da, 200 eurorainoko isuna eragin dezakeena.

Mankomunitateak egunero eskaintzen du zaborra biltzeko zerbitzua udalerri guztietan, eta egunero husten ditu edukiontziak. Beraz, beti dago lekua poltsak edukiontzietan uzteko.


Puntu morea