Kartoi komertziala jasotzeko zerbitzuaren berri emateko eta poligonoetako bilketa hobetzeko ekintzak gauzatu ditu Mankomunitateak

2020ko urriaren 29a

Birziklatu ezin daitekeen hondakin kopurua murrizteko, Mankomunitateak komertzioetan sortzen den kartoia jasotzeko zerbitzua ezagutarazteko ekintzak egin ditu, baita poligonoetako bilketaren jarraipena ere.

  • Helburua da errefusan uzten diren hondakin kopurua murriztea, hondakin bakoitza dagokion edukiontzian uztea sustatuz. 

  • Egitasmo hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 25.670 euroko diru laguntza jaso dute.

Eskualdean biltzen den errefusa kopurua murrizteko helburuarekin, Mankomunitateak bi lan lerro lehenetsi ditu irailean eta urrian: komertzioetan sortzen den kartoi bilketa eta poligonoetan sortzen den errefusaren kudeaketa. Organikoaren edukiontzietan agertzen diren hondakin desegokien lanketa ere egin da aurten.

Mankomunitateak onartu berri duen planean helburu gisa ezarri da 2030rako %70eko gaikako bilketa lortzea. Jomugara iristeko, urtean 5.200 tona errefus gutxiago jaso beharko lirateke. Horretarako, lanean ari da Mankomunitatea egunez egun eskualdean gaikako bilketa hobetzeko, hondakin bakoitza dagokion edukiontzian utziz gero, errefusaren edukiontzian uzten den hondakin kopurua jaitsiko litzatekelako.

2019an 14.327 tona hondakin bildu ziren eskualdean edukiontzi grisean. Hauetatik %77a kaleko edukiontzietan bildu zen, %14,5a poligonoetan, %5,5a landa eremuan eta, azkenik, %2a garbiguneetan. Hondakin hauek, hein handi batean birziklagarriak badira ere, sailkatuta botatzen ez badira, ezinezkoa da banatzea eta, ondorioz, ezin dira birziklatu. 

Aurten, guztira hiru lan esparru lehenetsi ditu Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker: kartoi komertziala, poligonoetan sortzen den errefusa eta organikoaren edukiontzietan agertzen diren inpropio edo hondakin desegokiak.

Kartoi komertzialaren bilketa zerbitzua ezagutaraztea

Mankomunitateak egun eta ordu jakin batzuetan kartoi komertziala jasotzeko zerbitzua eskaintzen die merkatari eta ostalariei eskualdeko herri guztietan. Zerbitzu honen berri eman eta erabilera sustatzeko, eskualdeko 250 establezimendu bisitatu dira urriko bigarren hamabostaldian, ordutegia gogorarazi eta kartoia nola atera behar den adieraziz (tolestuta). Mankomunitateak adierazi duenez, “ekimenak harrera ona izan du merkatarien artean eta papera eta kartoiaren gaikako bilketan emaitzak hobetzea espero da”.

Poligonoetako hondakinen kudeaketa

Mankomunitateak bi hondakin mota jasotzen ditu poligonoetan: papera eta kartoia, eta errefusa. Adierazi dutenez, “esparru honetan asko dago hobetzeko eta enpresetako arduradunei esfortzu bat eskatu behar diegu, egoera ona ez dela onartuta, haien hondakinak modu txukun batean sailkatu ditzaten.” Gogorarazi behar da poligonoetan Mankomunitateak egiten duen bilketa hiri hondakinak biltzeko dela, hau da, ezin dela edukiontzietan industria jardueraren ondorioz sortutako hondakinik bota, adibidez birutatik edo pulimenturik.

Organikoan agertzen diren inpropioen azterketa

Fruta-dendetan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan materia organikoaren gaikako bilketa sustatzeko egindako ekimenaz gain, irailean Deba, Mutriku, Elgoibar, Eibar eta Ermuako edukiontzi marroietan botatako hondakinen jarraipena egin zen 10 astez, eta hainbat “puntu beltz” identifikatu ziren, non mota guztietako hondakin ez-organikoak edukiontzi marroira botatzen ziren. Hori ikusita, pegatina informatibo batzuk jarri dira puntu beltz horietan, edukiontzi marroira bota ezin daitekeena adieraziz. Mankomunitateak gogorarazi nahi du garrantzitsua dela edukiontzi marroira biohondakinak soilik botatzea, bestela edukiontzi edo kamioi osoa kutsatu dezakegulako, guztia berziklaezin bihurtuz.

Mankomunitateak gogorarazi nahi du “denon ardura dela hondakinak era egokian sailkatzea ondoren berauen berrerabilpena edo birziklapena bultzatzeko. Mankomunitatetik lanean jarraituko dugu banaketa hau erraztu, informazioa banatzen sakondu eta portaera txarrak zuzentzeko helburuarekin.”

 


Puntu morea