Mankomunitatea lanean ari da edukiontzi marroira oker botatako hondakin ez-organikoak murrizteko

2020ko irailaren 10a

Deba, Mutriku, Elgoibar, Eibar eta Ermuako edukiontzi marroietan botatako hondakinen jarraipena egin da 10 astez herritarren ohiturak aztertzeko, eta hainbat "puntu beltz" identifikatu dira, non mota guztietako hondakin ez-organikoak edukiontzi marroira botatzen diren.

  • Mankomunitatea lanean ari da biohondakinen edukiontzi marroira oker botatzen diren mota guztietako hondakin ez organikoak murrizteko.

  • Edukiontzi marroiko inpropioen azterketa uztailean onartutako "Objetivo % 70 helmuga" planaren barruan kokatzen da, eta helburu du 2030erako gaikako bilketaren % 70 lortzea.

Debabarrena Mankomunitateak Deba, Mutriku, Elgoibar, Eibar eta Ermuako edukiontzi marroietan botatako hondakinen jarraipena egin du hamar astez, urtea hasi zenetik alarma egoera dekretatu arte. "Zoritxarrez, hondakin ez organikoak zituzten poltsa ugari agertu ziren, edukiontzi marroian ordez beste edukiontzi batzuetan bota beharrekoak", adierazi dute mankomunitatetik.

Azterketa horren ondorioz, Mankomunitatea lanean ari da edukiontzi marroian oker botatako hondakin kopurua murrizteko. Azterketa egin zenean edukiontzi marroiean hondakin ez-organikoen 100 poltsa baino gehiago agertu ziren ”puntu beltzak” identifikatu dira. Mutrikun 15 puntu beltz daude guztira, Deban eta Eibarren 13 udalerri bakoitzean, 3 Elgoibarren eta 2 Ermuan. Udalerri batzuetan, hondakinen %12a da desegokia eta marroia ez den beste edukiontzi batera bota beharko lirateke.

Abuztu amaieran ikuskapen bat egin du Mankomunitateko Ingurumen Sailak, hondakinak edukiontzi marroira oker botatzen dituen erabiltzaileen profilak ezagutu eta jarrera desegoki horiek geldiarazteko hartu beharreko neurriak baloratzeko. Ikuskapenaren ostean, Mankomunitateak baieztatu duenez, “oraindik asko dira edukiontzi marroia kutsatzen ari diren mota guztietako hondakinak dituzten poltsak. Pertsona gehienek egindako lan onari kalte egiten diote gutxi batzuek, arrazoi desberdinengatik ez dituztelako hondakinak bereizten eta, gainera, nahasita uzten dituztelako edukiontzi marroian. "

Mankomunitatea aukerak aztertzen ari da edukiontzi marroira botatzen diren desegokien kopurua ahalik eta gehien murrizteko. Hala ere, adierazi duenez, "azpimarratu behar da, oso nabarmena izan dela frakzio organikoaren gaikako bilketan egin den aurrerapena edukiontzi marroia mankomunitate osoan martxan jarri zenetik. 2019an 5.143 tona biohondakin bildu ziren gaika, eta ondoren Epelek Bergaran duen instalazioan konposta egiteko erabili ziren. Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie etxean, lantokian edo enpresan hondakin organikoak –janari-hondarrak, batez ere– edukiontzi marroira behar bezala botatzen dituzten pertsona guztiei."

Helburua: 2030erako %70eko gaikako bilketa

Edukiontzi marroira botatako hondakin ez organikoen kopurua murrizteko lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza bati esker egin dira, eta Debabarrena Mankomunitateak uztailean onartutako helburua lortzeko aurrera pauso bat dira: 2030erako eskualdeko gaikako bilketaren % 70 lortzea.

 


Puntu morea