Mankomunitateak kaleak garbitzeko zerbitzuak nabarmen indartu zituen 2020an, pandemiaren ondorioz sortutako beharrei erantzuteko

2021ko urtarrilaren 21a

Eskualdeko udalekin adostu zen herri bakoitzeko lekurik erabilienak desinfektatzeko lanak areagotzea, eta 12 langilek egunero egiten zituzten lan horiek.

  • Kaleak desinfektatzeko materiala 3.016 euroko balioarekin handitu zen, alarma-egoeran gauez edukiontzi-uharte guztiak desinfektatzeko zerbitzua ezarri zen, pedalak jarri ziren edukiontzietan eta errefusa eta organikokoak ireki ziren edonolako kontaktua saihesteko, eta tamaina handiko hondakinen bilketa kutxa irekiko kamioneta batekin indartu zen.

2020ko osasun-krisiaren ondorioz, eremu publikoen desinfekzioa handitzeko beharra sortu zen, eta, horretarako, Mankomunitatearen giza baliabideen berrantolaketa eta materialen gehikuntza behar izan ziren, langileen ohiko lana indartzeko. Eskualdeko udalekin modu eraginkorrean koordinatuta, erantzun egokiak eman dira eta ezohiko egoerara egokitzea erraztu da. Helburua espazio publiko garbia, desinfektatua eta segurua bermatzea izan da, eta hala izaten jarraituko du.

Pandemiak gure udalerrietako kaleen eta espazio publikoen garbiketa eta higiene-beharrak aldatzea eta areagotzea ekarri zuen. Egoeraren lehen balorazioa egin ondoren, udalekin adostu zen jende gehien biltzen zen lekuak desinfektatzeko lanak areagotzea, hala nola merkataritza-gune handietako eta elikadura-dendetako sarrerak. Horretarako, Mankomunitateko 12 langilek desinfekzio-lan horietan jardun zuten egunero lanaldiaren zati batean.

Alarma-egoeraren asterik gogorrenetan, Mankomunitateko langile talde batek edukiontzien irlak desinfektatzen zituen, udalerri guztietan ezarri zen gaueko zerbitzu baten bidez.

Kaleak eta edukiontzien irlak desinfektatzeko 648kg sodio hipoklorito erabili dira, (desinfektatzaile purua), uretan disolbatuta guztira 9.257 litro. 3.016 euroko kostua izan du.

Hondakinak biltzeko eta kaleak garbitzeko langile guztiei norbera babesteko ekipamenduak (NBE) eman zitzaizkien, laneko orduetan eta eremuetan kutsatzea saihesteko. Ordutegiak ere aldatu ziren, langileen arteko kontaktua ahalik eta gehien saihesteko.

Hobekuntzak zerbitzuan

Kaleen desinfekzioa areagotzeaz gain, 2020an hainbat aldaketa egin dira hondakinen bilketa-zerbitzuan, osasun krisiak sortutako egoerara egokitzeko. Pedalak jarri dira edukiontzietan, eta organikoaren eta errefusaren edukiontziak ireki dira, herritarrek kontakturik izan ez dezaten.

Tamaina handiko hondakinen kasuan, kutxa irekiko kamioneta batekin indartu da bilketa, tamaina handiko edo zurezko sailkatu gabeko hondakinak bildu eta ondoren Garbigunean bereizteko.

Mankomunitateak, herritar guztiek bezala, egoera berrira egokitu behar izan du pandemiak sortutako erronken aurrean, kale-garbiketari eta hondakin-bilketari dagokienez, besteak beste. 

 


Puntu morea