Debabarrenean zaborraren tasak igo egin behar izan dira azpiegitura-gabeziaren ondorioz

2016/02/15
Joan den legegintzaldian Hondakin Planean aurreikusitako azpiegiturak geldiarazteko hartutako erabakiak GHKn eragindako defizita dela-eta, % 20 igo behar izan da orain arte zaborren tratamendurako aplikatu den tarifa, eta materia organikoaren gaikako bilketa bultzatzeko diru-laguntzak murriztu behar izan dira.

Joan den legegintzaldian Hondakin Planean aurreikusitako azpiegiturak geldiarazteko hartutako erabakiak GHKn eragindako defizita dela-eta, % 20 igo behar izan da orain arte zaborren tratamendurako aplikatu den tarifa, eta materia organikoaren gaikako bilketa bultzatzeko diru-laguntzak murriztu behar izan dira. Zehazki, tratamenduari dagokion tarifa tonako 144,26 €-tik 173,11 €-ra igo da, eta biohondakinak bultzatzeko saria, berriz, oro har aplikatzen zen % 50etik % 15-35era jaitsi da. Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen kasuan, eta tarifa berriak 2015ean bildutako hondakin kantitateei aplikatuta, faktura 2.633.966 €-tik 3.455.395 €-ra igo da; beraz, 821.429 €-ko aldea, eta alde hori herritarrek ordaindu beharreko zaborren tasetan jasanarazi beharko dute udalek. Igoera ez da berdina izango kasu guztietan, udalerri bakoitzeko zerga-ordenantzen arabera aplikatuko baita. Nolanahi ere, % 10-15eko igoera izango dela kalkulatu da, eta, aurreikusitakoaren arabera, 2016ko bigarren hiruhilekotik aurrera hasiko da aplikatzen, ordenantzak aldatu ondoren.

Tratamenduari dagokion tarifaren igoera balorizazio energetikorako planta barnean hartzen duen Zubietako Hondakinen Kudeaketa Zentroko obrak geldiarazi izanaren ondorioa da. Esleipendunei kontratuari uko egiteko emandako kalte-ordainek eta erabili ez den kreditu baten interes-tasen aseguruen (swap izenekoen) ordainketak 40 milioi eurotik gorako defizita eragin dute GHKn. Egoera hori Partzuergoko arduradun berriek agindutako kontu-auditoriaren bidez egiaztatu da, agerian geratu baita sozietatearen finantza-desoreka (kontuan hartu behar da sozietateak ez duela aurrekonturik aurkeztu azken hiru urteotan). Gainera, egoera areagotu egin da, eragindako gastuek ez baitute balio izan aurreikusitako inbertsioak egiteko, eta oraindik ere beharrezkoa da azpiegiturei ekitea, Gipuzkoak bere hondakinetarako soluzio bat izan dezan, hirugarrenen mende egon gabe eta etorkizuna hipotekatu gabe. Defizit-egoerari eta baliabide berrien premiei aurre egiteko, diru-sarrerak gehitu behar dira ezinbestez, eta, horretarako, tasak igotzea eta gastu eta diru-laguntzak murriztea erabaki du Partzuergoaren batzarrak. Erabaki horiek zuzeneko eragina dute mankomunitateek beren gain hartu beharreko kostuetan.

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak arazo larri hori konpontzeko konpromiso baten premia balioetsi du, ingurumenean eta herritarren sakelan eragina duen gai honetan arinkeriaz jokatu gabe. Ildo horretan, presidenteak adierazi duenez, “Gipuzkoak azpiegiturak behar ditu bertako hondakinak tratatzeko. Gertatutakoak erakutsi du errealitate hori kontuan ez hartzeak ekonomiaren eta ingurumenaren arloan hipoteka gaitzakeela”. Eta honako hau gaineratu du: “Biohondakinen bilketak gora egiten badu, birziklatzea hobea izango da, eta igoeraren eragina txikiagoa; hortaz, garrantzitsua da herritar guztiek parte hartzea”.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.