Eibar, Elgoibar, Ermua eta Soraluzera iritsi da edukiontzi marroia

2012/09/10
Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko biztanleek (59.000 inguru) biohondakinak bereiz bota ditzakete zaborretara ekimen honi esker

Irailaren 11ra arteko epea dute izena emateko Eibar eta Elgoibarreko herritarrek. Ondoren, etxean jasoko dute hondakin-bereizketa egiteko behar diren osagaien kita, dagozkien azalpenekin.

Eibar, Elgoibar, Ermua eta Soraluzera hedatu du Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak biohondakinak bereiz jasotzeko sistema, ingurumena zaintzeko bere ahaleginari jarraikiz. Harrera ona izan ondoren lehenbiziko esperientziak (pilotua); orain, berriz, aipatutako herrietan ere jarriko da, mailaka, edukiontzi marroia. Horrenbestez, ingurumena zaintzeko aukera emango zaie 59.000 herritarri (22.000 bat familia), hondakin organikoak bereiz jasoko baitira. Hasieran, Eibarren eta Elgoibarren abiaraziko da ekimena, eta, ondoren -urrian- Ermuara zabalduko da; azaroan, berriz, Soraluzera.

Zenbait kalkuluren arabera, etxe bakoitzean sortzen den zaborraren %43 inguru organikoa da, eta behar bezala bereizi, poltsa biodegradagarritan sartu eta edukiontzi marroietara botaz gero, konpost (ongarri) bihur daiteke. Begetal-jatorriko hondakinak -frutak, barazkiak, lekariak, ortuariak, pasta, loreak eta abar-, animalia-jatorrikoak -haragia, arrautzak, arraina, itsaskiak eta dagozkien azalak edo hezurrak- eta sukaldeko papera, ezpain-oihalak eta paperezko zapiak, arrautza-ontziak, kafe-iragazkiak, ogi- eta opil-hondarrak, kortxo naturalak eta txotxak dira, besteak beste, etxeko zabor organikoa.

Oso erraza de hondakin-mota hori biltzeko prozedura: izena ematen dutenek etxean jasoko dute -doan- honako kit hau: ontzi marroi txiki bat, poltsa biodegradagarriak -ez dute balio ohiko poltsek, plastikozkoek-, informazio-liburuxka bat eta giltz berezi bat, kaleko edukiontzi marroia irekitzeko. Beti itxita egoten denez edukiontzi hori, behar den informazioa eman behar zaio zerbitzuaren erabiltzaileari zaborra nola bereizi eta giltz berezia nola erabili jakin dezan.

Materiales contenedor marrón

Nola eman dezaket izena?

Oso erraza da ekimen honetarako izena ematea: Eibar eta Elgoibarreko herritarrek, beren etxe-atarietan jarritako informazio-karteletan eman dezakete izena, edo, bestela, 943.67.02.49 telefono zenbakira deituta (bulego ordutegian). Bi herri horietako biztanleek kanpainari eta izena emateko moduari buruzko informazioa jaso dute beren postontzietan.

Herritarren partaidetzari esker, kalitateko konposta egingo da, gero ongarritarako erabiltzeko.

Atariko esperientzia

Aurtengo urtearen hasieran, Eibarren eta Elgoibarren ekin zitzaion kanpainari, eta harrera ona egin zioten herritarrek. Mila bat familiak -parte har zezaketen 5.000etatik- eman zuten izena kanpainan. Ingurumena zaintzen laguntzen du ekimen honek, hondakin biodegradagarriak ez baitira jada zabortegira botatzen.

Hartu parte zeuk ere, eta lagundu ingurumena zaintzen!

Informazio interesgarria:

ZER HONDAKIN MOTA EZIN DAITEKE UTZI? ETA ZEINTZUK BAI?

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.