Mendaron ere jarriko da bosgarren edukiontzia

2014/05/02
Herritarrek maiatzaren 6tik aurrera eman ahal izango dute izena eta materia organikoaren bilketa maiatzaren 26an hasiko da. Ezarpen berri horrekin, mankomunitateko bost udalerri (Eibar, Elgoibar, Ermua, Mendaro eta Soraluze) izango dira bilketa-sistema hori erabiltzea erabaki dutenak.

Debabarreneko Mankomunitatearen helburuak materia organikoaren gaikako bilketa hedatzea eta Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralak ezartzen zuen helburua, hots, hondakinen %60 birziklatzea, lortzea direnez, Debabarreneko Mankomunitateak bosgarren edukiontzia hedatuko du maiatzean Mendaroko udalerrira. Ezarpen berri horrekin, mankomunitateko bost udalerri (Eibar, Elgoibar, Ermua, Mendaro eta Soraluze) izango dira bilketa-sistema hori erabiltzea erabaki dutenak. Borondatezko parte-hartzeak ekarri du gaikako bilketa nabarmen igotzea; udalerri batzuetan hamar puntutik gorako irabaziak izan dira, eta horrek eragin du ehunekoa %40 inguru izatea.

Mendaron izena emateko kanpaina maiatzaren 6an hasiko da. Data horretatik aurrera, eta maiatzaren 11 arte, parte hartu nahi duten auzotarrek informazio-karteletan eman ahal izango dute izena, kartel horiek udalerriko atari guztietan jarriko dira. Arestian aipatutako egunetan, 09:00etatik 14:00etara bitarteko ordutegian, 943 03 32 82 telefono-zenbakira deituta ere eman ahal izango dute izena. Parte-hartzaile guztiek kit bat jasoko dute: 10 litroko edukierako zakarrontzi bat, poltsa biodegradagarriak, informazio-liburuxka bat eta edukiontzi marroiaren estalkia ireki ahal izateko giltza bat. Materialak udal-bulegoetan banatuko dira eta garrantzitsua da materialak behar bezala erabiltzea, materia organikoa biodegradagarriak ez diren poltsetan uztea saihestuz.

Izena emateko eta materialak banatzeko epea amaitutakoan, mankomunitateak bide publikoan jarriko ditu edukiontzi marroiak. Lau eguneko epean jarri beharko dira edukiontzi horiek, eta aurreikusita dago maiatzaren 20an, 21ean, 22an eta 23an jarriko direla, bilketarekin maiatzaren 26an (astelehena) hasteko.

Zabor-poltsaren %43 materia organikoa da

Kalkulatzen da etxebizitza partikular bakoitzean sortzen diren hondakinen %43 inguru organikoa eta biodegradagarria dela, hau da, hondakin horiek behar bezala aukeratzen badira, poltsa biodegradagarrietan biltzen badira eta poltsa horiek edukiontzi marroietan (5. edukiontzia ere deitzen zaie) uzten badira, konpost, hots, ongarri bihurtuko direla. Horretarako, ezinbestekoa da landare jatorriko hondakin kozinatuak eta gordinak (adibidez: frutak, barazkiak, lekaleak, pastak, loreak eta abar) bereizita biltzea; baita animalia-jatorriko hondakinak (adibidez: haragia, arrautzak, arraina eta itsaskia) eta haien azalak edo hezurrak ez ezik, sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta musuzapiak, kartoizko arrautzontziak, kafe-iragazkiak, ogi- eta opil-hondakinak eta kortxo naturako tapoiak eta txotxak ere.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.