“Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra ondo birziklatzen duten azalera handiko saltokientzat

2021/10/08
Azalera handiko saltokiek gaikako bilketarekiko duten konpromisoa neurtuko du Mankomunitateak, eta erraztasunak ere emango dizkie hondakinak modu egokian birziklatzeko.

Mankomunitateak azalera handiko saltokiek gaikako bilketarekiko duten konpromisoa neurtuko du eta erraztasunak emango dizkie sortzen dituzten hondakin kopuru handiak egoki birziklatzeko. “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra eman eta aitortza publikoa egingo die hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei.

Aurreko urtean Mankomunitateak hainbat egitasmo garatu zituen eskualdeko gaikako bilketaren datuak hobetzeko ahaleginean, eta aurten ere bide beretik jararituko du. Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, “pasa den urtean Mankomunitateak hainbat kanpaina gauzatu zituen eskualdeko gaikako bilketa hobetzeko, eta urte eta erdian, eskualdeko gaikako bilketa ia %2 igo da. Aurten ere kanpaina berriak egingo dira bilakaera positiboari bultzada emateko. Kanpaina berrien helburua izango da gizarteko gainerako hondakin sortzaileetan eragitea, hau da, aurreko urtean egin ziren kanpainak kontuan izanik, edukiak kolektibo berrietara zuzentzea. Hori horrela, azalera handiko saltokiei zuzendutako egitasmo honen helburua da hondakin kopuru handiak sortzen dituzten supermerkatuetan eta hipermerkatuetan birziklapen ohiturak sustatzea.”

Arraizek azpimarratu duenez, “asmoa da lehenik birziklapen ohituren inguruko jarraipena eta “hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra azalera handiko saltokietan aplikatzea, eragin handiena dutenak direlako, eta datozen urteetan azalera ertain eta txikiko saltokietara zabaltzea.”

Hori horrela, hainbat ekintza gauzatuko ditu Mankomunitateak azalera handiko saltokietan birziklapen ohiturak sustatzeko.

Gaikako bilketarekin duten konpromiso maila neurtzea

Azalera handiko saltokiek gaikako bilketarekiko duten konpromiso maila neurtuko du Mankomunitateak, hobetu daitezkeen ohiturak identifikatu eta irtenbideak bilatzeko. Horretarako, hiru bisita egingo dira eskualdeko azalera handiko saltoki guztietara. Lehen bisitan egitasmoa azalduko da, eta hurrengoetan birziklapen ohituren jarraipena egingo da. 

“Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra emango die Mankomunitateak hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei, ingurumenarekiko duten errespetua berresten duen ziurtagiri gisa, eta aitortza publikoa egingo zaie. Azken bisitaren ondoren, ikurra lortu duten saltokien zerrenda argitaratuko da Mankomunitatearen webgunean, eta saltoki bakoitzari sarrerako erakuslehioan ipintzeko pegatina bat emango zaio. Ondoren, periodikoki saltokien birziklapen ohituren jarraipena egingo da, egoki birziklatzen jarraitzen dutela bermatzeko.

Urriaren 13an hasiko dira saltokietara bisitak eta Mankomunitateak eskuorriak prestatu ditu saltokiei egitasmoa azaltzeko eta informazio guztia helarazteko.

Hondakinak gaika biltzeko erraztasunak

Mankomunitateak azalera handiko saltokien ezaugarriak identifikatu ditu eta erabaki du, gaikako bilketa hobetzeko asmoz, eta hondakin organikoak banatuta jasotzeko, azalera handiko saltokiei edukiontziak eta poltsa konpostagarriak doan ematea. Saltokien beharren arabera, tamaina desberdinetako kuboak ahalbidetuko zaizkie.

Bestalde, organikoaren edukiontziak jasotzeko moduan ere erraztasunak emango zaizkie. Edukiontziak gertuen dagoen bilketa-puntura eraman ordez, saltokiaren kanpoan utzi ahal izango dituzte hemendik aurrera eta Mankomunitateko langileek bertan jasoko dituzte.

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.