Abian da Azitaingo industrialdean film industriala jasotzeko proba pilotua

2023ko irailaren 15a

• Irailaren 25etik aurrera, Azitaingo industrialdeko enpresek Eibarko Garbigunera eraman ahal izango dute beren enbalaje-plastikoa edo film industriala, Azitaingo tailerretan sortutako hondakinen gaikako bilketa hobetzeko.

Debabarrenako Mankomunitateak proba pilotu bat jarriko du martxan Azitaingo industrialdean film industriala biltzea bideragarria den aztertzeko. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du, eta eskualdeko erakundearen eta industrialdeko enpresen arteko lankidetza ezartzea du helburu, Azitaingo tailerretan sortutako hiri-hondakinen antzeko hondakinen gaikako bilketa hobetzeko.

Debabarrenako Mankomunitatea hiri-hondakinekin pareka daitezkeen hondakinak biltzeaz ere arduratzen da, hiriguneetan, landa-eremuetan eta industrialdeetan. Gaur egun, honako zatiki hauek biltzen dira poligonoetan: zura, papera eta kartoia, biohondakinak eta errefusa.

Enpresetara egindako bisita ugarietan, errefusan uzten den enbalajeko plastikoaren edo film industrialaren kopuru handiei buruzko kezka antzeman da, izan ere, ondorioz, ez da birziklatzen. Kezka horri erantzuteko asmoz, Mankomunitateak film industrialen paketagailu bat erosi du, Eibarko Garbigunean instalatuko dena eta Azitaingo industrialdeko enpresek irailaren 25etik aurrera erabili ahal izango dutena. Mankomunitateak zerbitzu horren erabilera maila ziurtatu ahal izango du Ingurumen Sailaren bidez bideratuko den idazki baten bidez.

Bisitak enpresetara eta karakterizazioa

Irailaren 18an eta 19an, ingurumen-hezitzaileek bisitak egingo dituzte Azitaingo industrialdeko enpresa guztietara, Mankomunitatearen izenean, proiektua azaltzeko eta hondakinen karakterizazio irekian parte hartzera gonbidatzeko; karakterizazio hori Eibarko Garbigunean bertan egingo da, irailaren 21ean 10:30ean. Karakterizazioan, industrialdeko tailerretan sortutako zaborra aztertuko da, eta enpresek gertutik ikusi ahal izango dute hondakinen sailkapen eta tratamendu prozesuak nola funtzionatzen duen, Mankomunitateko ingurumen teknikariaren azalpen didaktikoen bidez.

Debabarreneko Mankomunitatetik Azitain industrialdeko enpresa guztiak animatu nahi dituzte proiektu honetan parte hartzera.

Puntu morea