Astelehenean hasiko da Mankomunitatea lurpeko 52 edukiontzi lurrazalekoengatik ordezkatzen

2021ko irailaren 10a

Herriz herri egingo dira lanak: lehenik, astelehenean, Mallabiakoak aldatuko dira, ondoren Ermuakoak, Eibarkoak, Elgoibarkoak eta, azkenik, Mutrikukoak.

2020ko abenduaren 16ko Batzar Orokorrean onartu zen eskualdeko 52 lurpeko edukiontzi lurrazalekoengatik aldatzea, udalerri bakoitzeko edukiontzien egoera aztertu ostean. Astelehenean, irailak 13, hasiko dira lanak eta azaroaren 2rako amaituta egotea aurreikusten da.

Mallabian, Ermuan, Eibarren, Elgoibarren eta Mutrikun, guztira 52 lurpeko edukiontzi ordezkatuko dira lurrazalekoekin, zaharkituta daudelako eta berritzeko beharra dutelako. Aldaketarekin lurpeko edukiontzien kopurua murriztuko da, hauen mantentzeak dakarren gastua txikitzeko eta herritarrei lurpeko edukiontzien konponketek sortzen dizkieten eragozpenak ekiditeko. Helburua da hondakin bilketaren eraginkortasuna handitzea, mantentze gastuak murriztea, zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta eskualdeko gaikako bilketa hobetzea. 

Edukiontzien mantentze gastuaren murrizketa, gainerako zerbitzuak indartzeko

Gastuen murrizketa lortu nahi da lurpeko edukiontziak lurrazalekoengatik aldatzean, azken hauek lurpekoek baino mantentze gastu txikiagoak dituztelako. Iaz 151.673 euro bideratu zituen Mankomunitateak lurpeko edukiontzien konponketetara, eta 89.078 euro hauen mantentze lan prebentibora. Mekanismo mekaniko eta elektronikoen bidez funtzionatzen dutenez, hezetasunarekin erraz hondatzen dira. Ondorioz, konpontzen diren bitartean lurrazaleko hainbat edukiontzi jarri behar izaten dira eremu berean, lurpeko batek jasotzen duen hondakin kopuru bera jaso daitekeela bermatzeko. Herritarrei eragozpenak sortu ohi dizkie honek, espazio publikoko leku asko hartzen baitute konponketa lanek eta, askotan, denboran luzatzen direlako. 

Lurpeko edukiontzien kopurua murriztuz, hauen mantentzeak dakarren gastua txikituko da. Konponketa lanetara bideratutako aurrekontua beste zerbitzuak hobetzera bideratzea da asmoa, baita herritarrei lurpeko edukiontzien konponketek sortzen dizkieten eragozpenak ekiditea ere.

Lurrazaleko edukiontziak gutxien eragozten duten lekuan ipiniko dira, herritarren egunerokotasuna oztopatuko ez duten tokian. Estetikoki homogeneoak izango dira guztiak eta Mankomunitateko langileek hondakinak azkar jaso ditzaten kokatuko dira. Modu honetara, hondakinak biltzean zarata murriztuko da eta langileen segurtasuna eta erosotasuna bermatuko da.

Praktikotasun handiagoa

Bestalde, praktikotasunean ere hobekuntzak ekarriko ditu aldaketak. Lurpeko edukiontziak garbitzeko lan osasuneko protokolo zehatz bat aplikatu behar izaten da eta honek garbiketa denbora nabarmen luzatzen du. Lurrazalekoekin aldiz, Mankomunitateko langileek hondakinen bilketan denbora gutxiago emango dute, azkarrago egiten baita, edukiontziak irisgarriagoak direlako, besteak beste. Honek beste hondakin batzuk ere jasotzeko aukera zabaltzen du, herrien garbiketa integrala egitea bermatuz (edukiontzi irlak etab.). 

Mankomunitateak plangintza bat osatu du edukiontzien eraberritzea herriz herri gauzatzeko.

Datorren astean Mallabian, Ermuan eta Eibarren egingo dira lanak

Irailaren 13ko astean Mallabiako, Ermuako eta Eibarko lurpeko edukiontziak aldatuko dira. Mallabian hasiko dira lanak, irailaren 13an, Mikel Zarate kaleko lurpeko hiru edukiontzi baliogabetu eta lurrazaleko edukiontzi berriak jartzeko. Horretarako, astelehen goizetik ostegun eguerdira arte, edukiontzien eremuaren alboko bi aparkaleku hartuko dira lanak gauzatzeko.

Irailaren 14an Ermuan beirazko bi edukiontzi aldatuko dira, Marqués de Valdespina kalean. Irailaren 15etik 21era, aldiz, Eibarren egingo dira lanak eta, irailaren 22tik urriaren 20ra, Elgoibarren. Azkenik, urriaren 21etik azaroaren 2ra Mutrikun.

 


Puntu morea