Debabarrena app berria erabilgarri dago android telefonoetarako eta mankomunitatearen Webgunean

2015ko maiatzaren 19a

Aplikazio horren bitartez iruzkinak eta iradokizunak eginez parte hartu ahal izango da, birziklapen-gida osatu baterako sarbidea ematen du eta mankomunitateko zerbitzuei buruzko informazioa ematen du. Aurreikusi da Iphonerako bertsioa hilabete honen amaierarako egongo dela erabilgarri Applestoren. Arcadio Benítezek: “Funtsezkoa da herritarrei parte hartzeko aukera ematea kontzientziazioa handiagoa izateko eta gaikako bilketaren emaitzak hobetzeko”.

Debabarrena mankomunitateak duela gutxi aurkeztu duen “Partaidetza eta Birziklapen 2.0” proiektuak aurrera jarraitzen du eta dagoeneko aplikazio bat dauka, herritarrei parte hartzeko aukera emango diena, birziklapen-gida batera sartzeko eta gaiarekin lotutako zerbitzu guztiei buruzko informazioa lortzeko aukera emango duena. Aplikazioa erabilgarri dago gaurtik aurrera Android telefonoen erabiltzaileentzat, Google Play-tik deskargatu ahal izango baitute. Espero da hilabete honen bukaerarako erabilgarri egongo dela Iphone telefonoetarako ere Applestoreren bitartez. Telefono mugikorretarako eta tabletetarako bertsioaz gain, aplikazio hori ordenagailutik ere erabil daiteke; horretarako, mankomunitatearen webgunean sartu behar da. Arcadio Benítez Debabarrena Mankomunitatearen presidenteak proiektu honek dakarren aurrerapauso garrantzitsua nabarmendu du: “Funtsezkoa da herritarrei parte hartzeko aukera ematea kontzientziazioa handiagoa izateko eta gaikako bilketaren emaitzak hobetzeko”.

Herritarren parte-hartze zuzena

Aplikazio berria zuzenean parte hartzeko tresna indartsua da. Debabarreneko edozein herritarrek mugikorretik bertatik edo bere ordenagailutik edozein gorabeheraren berri eman ahal izango du (bilketa-sistemaren akatsak, edukiontzi beteak eta abar) baita egoera azaldu eta argazki bat bidali ere. Era berean, zerbitzu bati buruzko informazioa eska dezake herritarrak edo besterik gabe, zerbitzuaren kudeaketarekin edo birziklapenarekin zerikusia duen edozein gairi buruz zerbait komentatu edo iritzia eman. Mankomunitateko zerbitzuei buruzko informazio guztia lortzeko aukera ere ematen du.

Birziklapen-gida mugikorrean

Debabarrena appak hondakinen 900 zatiki mota baino gehiago modu egokian nola bereiz eta birzikla daitezkeen azaltzen duen gida digital bat biltzen du. Horrelako informazio-bolumena euskarri tradizional batean maneia ezina da baina orain egin daiteke; izan ere bilatzaile xume batekin mugikorretik kontsulta dezakegu katalogatutako hondakin bakoitza nora eraman behar den modu egokian birziklatu ahal izateko. Edukiontzi bat hautatu eta zein hondakin mota bil ditzakeen jakiteko aukera ere eskaintzen du. Era berean, kontsultaren xede izan den hondakina uzteko gertuen dagoen mankomunitateko edukiontzia edo zerbitzua bilatzen duen geolokalizazio-sistema bat biltzen du gidak.


Puntu morea