Gaikako bilketaren % 35,7ra iritsi da Debabarrena 2014an, materia organikoa edukiontzietan bilduz

2014ko martxoaren 25a

Mankomunitateak bikoiztu egin du bildutako materia organikoaren kopurua eta hobetu egin du gaikako bilketa mota guztietan. Eibarren izan da igoerarik handiena, % 29 izatetik % 39 izatera igaro baita, eta hirukoiztu egin du materia organikoaren bilketa.

Debabarrenako mankomunitatean oso modu esanguratsuan hobetu dira gaikako bilketaren emaitzak urte honetako lehenengo bi hilabeteetan. Zehazki, bereizita bildutako hondakinen ehunekoa % 35,69ra iritsi da, 2013an, aldiz, % 29,62ra iritsi zen. Emaitza horiek azaltzen dituen funtsezko datua da materia organikoaren bilketan igoera izan dela, ia bikoiztu egin baita; izan ere, 2013an hilabete bakoitzean batez beste 126.102 kg biltzen baitziren, 2014, aldiz, 234.735 kg bildu dira. Gainerako motetan ere hobekuntza garrantzitsuak izan dira: 2013an, hilabete bakoitzean 189.038 kg kilo papel bildu ziren; 2014an, aldiz, 201.306 kg; ontziak 71.853 kg izatetik 81.630 kg izatera igaro dira eta beira 163.629 kg izatetik 184.931 kg izatera. Errefusa motari dagokionez, hau da, birziklatzeko aprobetxatzen ez denari dagokionez, baita ere jaitsi egin da 2013an hilabete bakoitzean 1.591 Tn izatetik 1.448 Tn-ra igaro baita; urteko gainerako hilabeteetan batez besteko horri eusten bazaio, errefusa mota 1.716 Tn jaitsiko da 2014an. Arestian aipatutako bilketez gain, beste material batzuen bilketak ere kontuan hartzen baditugu, hala nola tamaina handiko hondakinena, zurarena, aparatu elektrikoena, arropena, pilena, olioarena, eta abar, urteko lehenengo bi hilabeteetan tratatutako hondakinak 4.502,17 Tn izan ziren guztira; horietatik 1.606,67 (% 35,69) gaika bildu ziren eta birziklatzera bideratu ziren.

Udalerriak aintzat hartzen baditugu, esan behar dugu Eibarren izandako hobekuntza nabarmentzen dela, udalerri horretako gaikako bilketaren ehunekoa hamar puntu igo baita; 2013an % 29,84 izatetik 2014an % 39,66 izatera igaro da, eta mankomunitatearen buruan kokatu da datu horiekin. Oso hurbil Elgoibar dago (% 38,51) eta, ondoren, Soraluze (% 36,51), Ermua (% 36,26), Mutriku (% 31,23), Deba (% 26,88), Mendaro (% 20,42) eta Mallabia (%18,76) daude. Kasu guztietan, hobekuntzen zati garrantzitsu bat materia organikoaren bilketarekin eta Eibarren, Elgoibarren, Ermuan eta Soraluzen bosgarren edukiontzia jarri izanarekin dago lotuta.

Eibarren kasuan, materia organikoaren bilketan parte hartzen duten bizilagunei tasak ez igotzeko udalak garatutako kanpainari esker, hirukoiztu egin da parte-hartzaile kopurua, eta lortu da biztanleriaren % 95etik gora inskribatzea, guztira, 10.637 familia. Igoera hori modu proportzionalean mugitu da bildutako kopuruetara, 2013an, hilabete bakoitzean 41.799 kg izatetik 2014an 122.692 kg izatera igaro baita. Beste udalerri batzuetan, hala nola Elgoibarren, Ermuan eta Soraluzen ere egin dira antzeko kanpainak bosgarren edukiontzia jartzeko, eta kanpaina horiei esker bultzatu da partaidetza % 60tik gorakoa izatea. Zehazki, Elgoibarren 2.792 familia inskribatu dira, biztanleriaren % 63; Ermuan 3.806 familia, hau da, biztanleriaren % 60 eta Soraluzen 1.216 familia, herri horretako biztanleen % 78.

Gaikako bilketaren datu horiek hiriguneetako espaloietako bilketei dagozkie eta ez dituzte kontuan hartzen garbiguneei eta industrialdeetako bilketei buruzko datuak. Materia organikoaren edukiontzietan txartel pertsonalizatuak ezartzearekin lortzea espero den hobekuntzari industrialdeetako bilketa eta garbigune-sareko emaitzak gehitzen badizkiogu, esan dezakegu Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralak 2016. urterako ezartzen zuen helburua, hots, hondakinen % 57 birziklatzea, lortzeko bidean dagoela Debabarrena.

2013-2014 urteetako balantzea


Puntu morea