Debabarrena Mankomunitateak eta Elgoibarko Udalak bart gauean jazotako edukiontzien erreketa gaitzetsi dute

2021ko irailaren 7a

Mankomunitateak eta Elgoibarko Udalak ordena publikoaren aurkako mota honetako ekintzek sortzen dituzten kalteak salatu dituzte.

Elgoibarko Arregitorre kalean kokatutako edukiontzien irla bat erre dute bart gauean, guztira zazpi edukiontzi. Debabarrenako Mankomunitateak eta Elgoibarko Udalak gertakaria gaitzetsi dute, adieraziz ordena publikoaren aurkako mota honetako ekintzek sortzen dituzten kalteak eskualde osoan eragiten dutela, bai kalte materialen kostuari dagokionez eta baita elkarren arteko bizikidetzan eta errespetuan. 

Mankomunitateko langileek gaur goizean ordezkatu dituzte erretako edukiontziak berriengatik. Dena den, bihar lekuz aldatuko dituzte denbora batez. Hondakin organikoen eta errefusaren edukiontzia puntu berean geratuko dira, baina gainerako edukiontziak kale berean, institutuko sarrera parean ipiniko dituzte denbora batez, horrelako gertakaririk berriz gertatuko balitz kalteak gutxitzeko. 

Mankomunitateak barkamena eskatzen du aldez aurretik edukiontzien antolamendu honek bizilagunentzat sor ditzaken eragozpenengatik. Edukiontzien puntuaren jarraipena egingo da eta, bar gaueko gertakariak errepikatzen ez badira, edukiontziak berrantolatzeko aukera egongo da.

 


Puntu morea