Debabarrenak kanpaina bat abiarazi du materia organikoan inpropioak saihesteko eta birziklatzea indartzeko

2019ko ekainaren 11a

Mankomunitateak puntu beltzen inbentario bat egin du eta informatzaile-talde bat du hondakinak modu desegokian uzten ote diren kontrolatzeko. Gainera, 34.000 informazio-liburuxka banatuko dira eta kanpaina espezifiko bat egingo da ostalaritza-sektorerako. Arcadio Benítezek: “Kantitatearen erronka gainditzen ari gara, baina kalitatearen erronkari aurre egin behar diogu. Birziklapenaren benetako arrakasta, banantzen dena aprobetxatzea eta herritarren parte-hartzea baliagarria izatea da”.

Azken urteetan, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen birziklapen-tasek igoera nabarmena izan dute, 2012ko % 21etik 2019ko martxoko % 56ra pasatuz. Ehuneko horrek Europako Zuzentarauak exijitzen duen % 50a gainditzen du eta Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean (GHHKPO) 2020rako ezarritako % 60ra iristeko zorian dago, eta igoera handi hori materia organikoaren gaikako bilketa mankomunitate osora zabaldu zenean lortu zuen. Hobekuntzaren arrazoietako bat da materia organikoa etxeko hondakinen % 40 inguru dela, eta bananduta biltzeak oso eragin handia duela emaitza orokorretan. Eragin hori bistan da udalerrietako birziklapen-indizeetan: Mallabia % 58,15, Ermua % 49,20, Eibar % 58,76, Soraluze % 49,68, Elgoibar % 53,69, Mendaro % 58,23, Deba % 63,05 eta Mutriku % 67,94.

Lortutako balantzea oso positiboa den arren, materia organikoaren aprobetxamenduak, birziklatzeko eta kalitatezko konpost bihurtzeko, hainbat kasutan inpropioen presentziarekin topo egiten du: organikoaren edukiontzietan modu desegokian utzitako hondakinak, edota konpostagarriak ez diren plastikozko poltsatan uzten direnak. Kontuan izan behar da Epeleko konpostaje-plantak, bere funtzionamendu egokirako, inpropioen gehienekoa % 5ean finkatzen duela; ehuneko hori gainditzen bada konpostaren kalitatea eta nekazaritzan erabiltzeko bideragarritasuna kolokan jartzen dira; arrazoi horrengatik materia organikoa baztertu egiten da eta errefusa izango balitz bezala tratatu behar da.

Mankomunitateko zerbitzuek azpimarratzen dute oso garrantzitsua dela edukiontzi marroietan esklusiboki hondakin organikoak uztea, batez ere janari- eta barazki-hondarrak, eta beti poltsa konpostagarritan. Ezinbestekoa da errefuseko poltsak, elikagai-hondarrak dituzten ontziak edota pixoihalak nahasi daitezen saihestea.

Arazo horrek Mankomunitateko ibilbide eta puntu jakin batzuetan izan du eragina, izan ere, inpropioen ehunekoak kasu jakinen batean % 19ra iritsi baitziren 2018an eta % 11ra 2019an, herritarren % 90ek behar bezala banandutako materia organikoaren galera ekarriz eta Mankomunitatean birziklapenaren progresioa geldiaraziz. Azpimarratu behar da % 10eko portaera minoritario batek gainerako % 90aren lana alferrik galtzea ekar dezakeela. Sortutako ingurumen-kalteaz gain, galera ekonomiko bat ere sortzen da, kutsatuta dagoen materia organikoa errefus gisa tratatu behar delako eta prezioa nabarmen garestiagoa delako tona bakoitzeko, eta horrek eragina du herritarrek ordaindu behar dituzten tasen gainean.

Kontzientziazio-kanpaina

Birziklapenean aurrerapausoak ematen jarraitzeko, hondakinetan dauden baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta inpropioen presentziaren ondorioz tratamendu-kostuetan igoera saihesteko xedez, Mankomunitatea kontzientziazio-kanpaina bat garatzen ari da. Aurreikusita dauden jardunek eragin berezia izango dute ibilbide eta puntu kritikoetan eta kolektibo profesional sentsibleenetan, baina herritar guztiak bazter utzi gabe.

Hartutako lehen neurrien artean, inpropioen ehuneko handiagoa atzeman den puntu kritikoen inbentarioa egitea dago. Edukiontzi horietan informazio-orri bat ipintzen da egoeraren berri emanez; hondakinak organikoaren bilketatik salbuesten dira, egoera zuzendu eta % 5etik beherako ehunekotara itzuli arte.

Kontrol horrek arrazoi eta erantzule posibleak identifikatzea eta egoera bakoitzera egokitutako neurriak hartzea errazten du. Mankomunitateak hiru kidez osatutako informatzaile-talde bat du, bere lana puntu kritiko horietan egiten duena, modu okerrean utzita dauden errefus-poltsak detektatuz eta edukiontzien barrutik edota horien ingurutik erretiratuz.

Era berean, herritarrei zuzendutako 34.000 liburuxka editatu dira, eta bertan honako informazio hau ematen da: edukiontzi grisean eta marroian utzi behar diren hondakinak zeintzuk diren; edukiontzi marroian zati organikoa uzteko nahitaez poltsa konpostagarriak erabili beharra; eta poltsak zein puntutan eskuratu daitezkeen doan.

Era berean, karakterizazio-analisiak egingo dira inpropioen indizea % 5etik jaitsi dela egiaztatu ahal izateko. Mankomunitateak espero du neurri horien aplikazioak egoera konponduko duela eta Debabarrena Eskualdean birziklapenaren aurrerakada kontsolidatuko duela.

Ostalariei zuzendutako kanpaina

Modu osagarri eta espezifikoarekin, ostalaritzaren sektorera zuzendutako kanpaina bat garatzen ari da, hondakin organikoen sortzaile garrantzitsua baita sektore hori. Helburu horrekin, Mankomunitateak bi ingurumen-teknikari destinatu ditu merkatariei eta ostalariei informazioa in situ emateko. Gainera, izaera orokorreko ekintza bat egin da bi kolektibo horien gain, edukiontzi marroian utzi daitezkeen hondakinei eta poltsa konpostagarriak eskuratzeko aukerei buruzko informazioa emanez: 10 litrokoak banaketa-makinetan, eta 40 litrokoak udalen bitartez. Horrez gain, erabilera bereziki txarra ikusten den guneetan kokatuta dauden establezimenduei informazio-ohar bat bidali zaie eta edukiontzietan itsasgarriak ipini dira, egoeraren berri emanez eta hondakin inpropioak nahasten dituztenei edota konpostagarriak ez diren plastikozko poltsak erabiltzen dituztenei zehapenak jarri ahal izango zaizkiela adieraziz.

 

 


Puntu morea