Debabarrenako Mankomunitateak merkatari eta ostalarientzat atez ate hondakinak jasotzeko zerbitzu berria martxan jarri du
Debabarrena Mankomunitateak ontzi arinak eta hondakin organikoak atez ate biltzeko zerbitzua jarri du martxan, Eibarko eta Elgoibarko merkataritzako eta ostalaritzako sektorearentzat. Ekimena gaika birziklatzearen inguruan mankomunitateak egin duen apustu garrantzitsuenetariko bat da, eta jada abian da irailaren 16tik, astelehena, aurrera.
Programaren helburu nagusia hondakinak gaika bereiztea eta biltzea sustatzea da, establezimendu komertzialak eta ostalaritzakoak hondakinen kudeaketa arduratsuan inplikatuz. Era horretan, ekintza horren bidez, gaikako bilketa datuak hobetu nahi dira eskualdean, merkatari eta ostalariei beren hondakinak modu eraginkor eta iragankorrean kudeatzeko lana erraztearekin batera.
Tokiko sektorearekin elkarlanean abian jarritako ekimena
Gaur, Mankomunitateak prentsaurrekoa eman du Eibarko Txantxa Zelai fruta-dendan, ekimen honekin bat egin duen lehen saltokietako batean. Establezimenduaren jabea den Aisha Ourdik honela adierazi du: “Oso harro gaude proiektu honetan parte hartzearekin. Gure ustez, funtsezkoa da tokiko saltoki guztiek birziklatzea babestea, etorkizun iraunkorrago bat izan dezagun”.
Bestalde, Debabarrena Mankomunitateko Gerentea den Nerea Zubillagak ekintza hori garrantzitsua dela azpimarratu du: "Atez ate biltzeko zerbitzu berri hau birziklatze-eredu eraginkorrago baten aldeko apustu irmoa da, eta herritarrengandik hurbilago dago, gainera. Eibar eta Elgoibarko udalerrietan hasi gara, baina eskualde osora zabaldu nahi dugu”. “Ziur gaude, guztion laguntzarekin, nabarmen hobetuko ditugula gure gaikako bilketa indizeak, eta hori, ingurumenarentzat ez ezik, tokiko gure ekonomiarentzat ere ona da”.
Zerbitzuaren egutegia eta ordutegiak
Materia organikoa biltzeko zerbitzua astelehenetik larunbatera egingo da; ontzi arinak, aldiz, astearte, ostegun eta larunbatetan bilduko dira. Eibarko ordutegia 9:00etatik 13:30era izango da eta Elgoibarkoa 17:30etik 19:15era. Bilketa guztiak digitalizatu egingo dira, zerbitzuaren erabilera ona baloratzeko.
Hobariak zabor-tasetan
2025erako, hondakinak behar bezala bereizten dituzten establezimenduei hobariak jartzeko aukera aztertzen ari da Mankomunitatea. Gaikako bilketak, ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, ekonomiaren ikuspegitik ere onuragarria eta garrantzitsua dela erakutsi du, gehiago eta hobeto birziklatzeak sistemaren kostuak murrizten baiditu.
Programan eta biltzeko prozesuan parte hartzeko moduari buruz xehetasun gehiago nahi izanez gero, interesatuak Debabarrena Mankomunitatearekin jar daitezke harremanetan edo web orrialde ofiziala bisita dezakete.