Debabarreneko mankomunitateak partaidetza eta birziklapen 2.0 proiektua aurkeztu du

2015/04/30
Proiektu honekin teknologia berriak erabiliz komunikazio- eta partaidetza-bideak hobetu nahi dira; app bat jarriko da martxan, birziklapen digitaleko gida batekin, herritarrekin komunikazio zuzena izateko eta haien partaidetza sustatzeko. Arcadio Benítez: “teknologia berriak erabiltzea funtsezkoa da kontzientziazioa areagotzeko eta gaikako bilketaren % 60ko helburua lortzeko”

Debabarreneko Mankomunitateak teknologia berriak kontzientziazioaren eta herritarrekiko harremanen arloan txertatzearekin aurrerapauso handia egingo du. Proiektuaren pieza nagusia app (gailu mugikorretarako aplikazioa) berri bat da; aplikazio hori doan deskargatu ahal izango da mugikorrera eta tabletera. Aplikazioa modu erraz eta intuitiboan erabiltzeko modukoa da eta biltzen dituen prestazioei esker herritarrak zuzenean jar daitezke mankomunitatearekin harremanetan eta haren zerbitzuekin zerikusia duen informazio guztirako sarbidea izan baita informazio zehatza eta etengabe eguneratua eskaintzen duen birziklapen-gida bat erabiltzeko aukera ere.

Mankomunitatearen presidente Arcadio Benítezek adierazi duenez, “birziklapenaren gaia teknologia berrien bidez herritarrengana hurbiltzea ahalbidetzen du mankomunitatearen appak, eta hori funtsezkoa da parte-hartzea sustatzeko, bereziki gazteen artean”.

Mugikorraren bidez hondakinen 900 zatiki desberdin bereizteko eta birziklatzeko aukera

Mankomunitateak garatutako appak hondakinen 900 zatiki mota baino gehiago modu egokian nola bereiz eta birzikla daitezkeen azaltzen duen gida digital bat biltzen du. Horrelako informazio-bolumena euskarri tradizional batean maneia ezina da baina orain egin daiteke; izan ere bilatzaile xume batekin mugikorretik kontsulta dezakegu katalogatutako hondakin bakoitza nora eraman behar den modu egokian birziklatu ahal izateko. Edukiontzi bat hautatu eta zein hondakin mota bil ditzakeen jakiteko aukera ere eskaintzen du. Era berean, kontsultaren xede izan den hondakina uzteko gertuena dagoen mankomunitateko edukiontzia edo zerbitzua bilatzen duen geolokalizazio-sistema bat biltzen du gidak. Beste faktore garrantzitsu bat honako hau da: aplikazioan informazioa eguneratu egiten da hondakin-zatiki berriak edo bilketa-zerbitzu berriak sortu ahala.

Herritarren parte-hartze zuzena

Birziklapen-gida digitala izateaz gain, parte-hartze zuzena ahalbidetzen duen tresna bat da aplikazioa. Debabarreneko edozein herritarrek mugikorretik bertatik edozein gorabeheraren berri eman ahal izango du (bilketa-sistemaren akatsak, edukiontzi beteak eta abar) baita egoera azaldu eta argazki bat bidali ere. Era berean, zerbitzu bati buruzko informazioa eska dezake herritarrak edo besterik gabe, zerbitzuaren kudeaketarekin edo birziklapenarekin zerikusia duen edozein gairi buruz zerbait komentatu edo iritzia eman.

Informazio- eta -kontzientziazio-tresna

Aplikazio berri hau ahalmen handiko informazio- eta kontzientziazio-tresna da. Alde batetik, erabiltzen duten herritar guztiei jakinarazpen eta abisuak zuzenean bidaltzea eta sortzen diren zalantza eta kontsultei irtenbidea ematea ahalbidetzen du. Etorkizunean jakinarazpen horiek pertsonalizatuak izan daitezke, bizilagun jakin bati edo kale edo atari jakin batean bizi direnei zuzenduz. Gainera, apparen bitartez mankomunitateari buruzko berri guztiak, birziklapenarekin zerikusia duten datu nagusiak eta kontzientziazio-kanpainetan gomendatutako aholku edo jardunbide egokiak jasoko dira.

Partaidetza eta Birziklapen 2.0 proiektua garapen-fase aurreratuan dago eta appa maiatzaren erdialderako Google Playn eta Apple Storen eskuragarri egotea aurreikusi da.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.