Edukiontzi grisera botatzen diren hondakinen %65a birziklagarriak dira

2021/02/10
Azterlan bat egin da jakiteko zer hondakin birziklagarri mota uzten diren edukiontzi grisean, ondorioz hauen birziklapena oztopatuz.

Debabarrena Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean,  azterketa bat egin du urriaren 21ean eta 30ean edukiontzi grisean zer hondakin birziklagarri mota botatzen diren jakiteko. Eskualdeko hondakinak biltzeko 8 ibilbidetan bildutako hondakinak aztertu dira. Emaitzek erakusten dute edukiontzi grisean botatzen diren hondakinen %65a birziklagarria dela.

Edukiontzi grisean utzitako hondakinen %32,6a hondakin organikoak dira, eta edukiontzi marroira bota beharko lirateke. Aztertutako 1.977kg-tik 150kg (%7,4) “elikagaien xahutze” gisa identifikatzen diren hondakinak dira, hau da, haragiak eta arrainak, ogia, pasta eta lekaleak. Bestalde, 493kg (%25) “elikagaien xahutze” gisa karakterizatzen ez diren hondakin organikoak dira, hala nola lorategiko hondakinak edo hondakin organikoak dituen sukaldeko papera, esaterako. Aipatutako guztiak edukiontzi marroira bota behar dira, ez grisera.

Aztertutakoaren %11,1a papera eta kartoia da, eta edukiontzi urdinean utzi beharko litzateke. Hondakinen %8,9a larru eta ehun ez-sanitario gisa katalogatu dira, hortaz, edukiontzi zurietan utzi beharko lirateke. %8,5a plastikozko ontziak dira, eta edukiontzi horira bota beharko lirateke; %3,2a berriz, beira da.

Mankomunitateak adierazi duenez, "edukiontzi griseko hondakinak ezin dira birziklatu; beraz, edukiontzi horretan zabor edo artikulu birziklagarriak uzten baditugu, hauen birziklapena eragozten ari gara, eta, ondorioz, ingurumena kaltetzen. Azterketako datuek gure birziklatze-ohiturei buruzko gogoeta eragin behar digute, hobetzeko tarte handia dugula erakusten dutelako. Mankomunitateak lanean jarraituko du hondakinen bereizketa sustatzeko eta eskualdeko gaikako bilketa hobetzeko".

 

Edukiontziak eta garbiguneak

Edukiontzi grisean utzitako hondakinen %65a birziklagarriak direla eta grisa ez den beste edukiontzi batean utzi beharko liratekeela identifikatzeaz gain, analisiak ere agerian utzi du beste hondakin mota batzuk ere berreskuratu ahalko liratekela garbigunera eramanez gero. Esaterako, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak (% 1,1) eta tamaina handiko hondakinak (% 1,5).

Mankomunitateak garbiguneak erabiltzeko eskatu die herritarrei, normalean sortzen ez diren hondakinak botatzeko. "2030erako %70eko gaikako bilketa lortzea dugu helburu, eta datuak hobetzen ari diren arren eta 2020an %55era iristea lortu bagenuen ere, oraindik bide luzea dugu egiteko eta ezinbestekoa da herritar guztien inplikazioa eta konpromisoa".

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.