Debabarrenako baserri eta familia bakarreko etxebizitzen %47k bere borondatez birziklatzen du materia organikoa

2014ko martxoaren 10a

Arcadio Benítezek adierazi duenez: "Datuek berresten dutenez, birziklatzearen aldeko konpromisoa ez da lortzen inposizioaren bitartez, informazioaren eta prestakuntzaren bitartez baizik, eta herritarren eskura baliabide egokiak jarriz"

Baserri eta familia bakarreko etxebizitzetan kokatutako konpostadoreen bidez materia organikoa birziklatzeko ekimena neurri handi batean ezarri da Debabarrena eskualdean. Zehazkiago, tipologia horretan erroldatuta dauden 1.426 etxebizitzatatik 678 (guztien % 47, beraz) parte hartzen ari dira mankomunitateak abian jarritako autokonpostaje-programan. Udalerriz udalerri parte-hartzea desberdina da zenbait faktoreren arabera, hala nola hedadura, biztanleria eta konfigurazioa bera. Elgoibar dago buruan, 171 parte-hartzailerekin, eta, jarraian, Mutriku, 116 konpostadore banatuta. Eibarrek 114 banatu ditu, Mallabia 93, Deba 87, Soraluzek 45, Mendarok 36 eta Ermuak 16, hurrenez hurren.

2006ko otsailean egindako kanpainan egin ziren autokopostajea bultzatzeko lehen urratsak, eta une hartan lehen 19 konpostadoreak banatu ziren. Baina behin betiko bultzada 2012ko eta 2013ko kanpainetan gertatu zen, guztira 386 konpostadore banatu zirelako 344 erabiltzaileren artean. Emaitza horiek komunikazio-kanpainari esker lortu dira. Batetik, liburuxkak banatu dira postontzietan, herritarrei banan-banan programaren berri emateko, eta bestetik, tokiko komunikabideek eta mankomunitatearen webguneak ere ekimenaren berri eman dute. Gainera, hainbat prestakuntza- eta sentsibilizazio-kanpaina egin dira mankomunitateko udalerri guztietan, interesdunei proiektuari buruzko informazio zehatza emateko eta parte-hartzeko baliabideak haien eskura jartzeko, hala nola autokonpostadorea, konpostatzeko eskuliburua eta abar. Horrez gain, hainbat begiralek telefonoz hitz egiten du parte-hartzaileekin, eta bertatik bertarako bisitaldiak ere egiten dituzte, lortutako emaitzak egiaztatzeko. Esan gabe doa jarraipen horrek ere izan duela zerikusirik lortutako emaitzetan.

Autokonpostaje-kanpaina horren osagarri, Mallabian konpostaje komunitarioko esperientzia bat jarriko da abian. Proiektu horretan, etxez etxe banatutako konpostadoreez gain, ekarpenak egiteko lau zentro ezarriko dira, gainerako herritarrek materia organikoa konpostadore komunitarioetan uzteko aukera izan dezaten.

Konpostajea bultzatzeko ekintza horiek eragin positiboa izango dute Debabarrenako birziklatze-ehunekoetan. Horren harira, mankomunitateko presidente Arcadio Benítez jaunak azpimarratu duenez, "herritarrek oso ongi erantzun dute, eta birziklatzearekin konprometituta daudela erakutsi dute, sisteman borondatez parte hartzen ari diren neurrian".


Puntu morea