Elikagaien xahutzea saihesteko proiektua jarri dute martxan Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak

2022ko apirilaren 20a

Proiektuak helburu du Eibarko Hezkuntza Esparruko jangelan elikagaien xahuketa murrizteko diagnostikoa eta ekintza-plana egitea, eta, ondoren, iraungitze data duten elikagaiak kolektibo ezberdinei banatzeko sistema bat proposatzea, hauen xahuketa saihesteko.

Mankomunitatearen lanaren ardatz nagusietako bat da hondakinen gaikako bilketa sustatzea. Hala ere, ez da ahaztu behar hondakinik onena sortzen ez dena dela. Beraz, oraingo honetan, Mankomunitateak proiektu bat jarri du martxan elikagaien hondakinak murrizteko, elikagaien xahutzea ekiditeko helburuarekin, Eibarko Hezkuntza Esparruarekin lankidetzan.

Eusko Jaurlaritzak proiektua hautatu du garapen jasangarria sustatzeko diru-laguntzen lerroaren baitan, eta, beraz, 15.771 euroko diru-laguntza jasoko dute erakundeek proiektua garatzeko. Enraiza Derechos erakundeak gauzatuko du proiektua.

Proiektu pilotu bat da, eskualdeko jantokietako elikagaien xahutzeari buruzko ezagutza praktikoa lortzeko, eta, ondoren, Debabarreneko jantoki publiko guztietan jardunbide egokiak ezarri ahal izateko.

Elikagaiak alferrik ez galtzeko diagnostikoa eta ekintza-plana

Hezkuntza Esparruko jantokian bertan diagnostiko bat egingo da lehenik, Aste Santuaren ondoren. Egun 200 pertsonek gosaltzen, jaten eta afaltzen dute bertan, eta horietako gehienek egoitza dute ostatu.

Azterketa lanak egingo dira sukaldean eta jangelan, eguneko hiru otorduetan, asteko 7 egunetan, menu desberdinetan ezagutzeko xahutzen diren elikagaien kopuruak, egoera orokorra eta ingurumen-baldintzak (klimatologia, azterketetatik gertu egotea edo eragina izan dezaketen beste alderdi akademiko batzuk, jaleen ohituretan eragina izan dezaketen gertaera soziokulturalak, etab.). Proiektuaren fase hau maiatzean garatuko da, hezkuntza-komunitateak azterketa garaia hasi eta ohiturak funtsean aldatu arte.

Elikagaien xahutzea saihesteko ekintza-plana ekainean eta uztailean garatuko da, modu parte-hartzailean, jantoki zerbitzuaren eta Hezkuntza Esparruaren kudeaketan inplikatutako eragile guztien laguntzarekin. Planak Elikagaien Galeren Prebentziorako Legearen aurreproiektuan zehaztutakoa betetzea du xede, catering-a edo jantoki-zerbitzua eskaintzen duten zentro sanitario, hezkuntza-zentro edo egoitzen kasuan.

Elikagaien xahutzea: mundu mailako arazoa

Munduko janari guztiaren ia bostenak etxeetako, jatetxeetako eta beste elikagai-zerbitzu batzuetako zaborrontzietan amaitzen du. Nazio Batuen Erakundeak egindako txosten baten arabera, “mundu mailako arazoa” da elikagaien xahutzea, eta ez bakarrik lehen munduko herrialdeetakoa. NBEren arabera, 2019an 931 milioi tona elikagai inguru alferrik galdu ziren, kontsumitzaileentzat eskuragarri zeuden elikagai guztien %17a zehazki. Elikagai horien pisua, ilaran jarrita gure planetari zazpi buelta emango lioketen 40 tonaz kargatutako 23 milioi kamioiren baliokidea da. Mundu mailan, per capita, urtero 121 kilogramo elikagai alferrik galtzen dira kontsumitzaile bakoitzeko.


Puntu morea