Elkarte gastronomikoen birziklapen beharrak ezagutzeko bisiten bigarren txanda bat egingo du Mankomunitateak

2021ko azaroaren 16a

Mankomunitateak zailtasunak izan ditu eskualdeko elkarte guztiekin harremanetan jartzeko, eta ondorioz, datorren astean bisita gehiago egingo ditu eskualdeko elkarteetara, haien beharrak ezagutzeko eta birziklapena areagotzeko baliabideak emateko. Sukaldean erabiltzeko mantalak ere banatuko ditu elkarte guztietan, Mankomunitatearen mezua gogoan izan dezaten uneoro.

Azaroaren 4an abiarazi zuen Mankomunitateak eskualdeko elkarte gastronomikoetan birziklapena areagotzeko egitasmoa. Eskualdeko 128 elkarteen harremanetarako datuak bildu ostean, gutun bat bidali zitzaien guztiei, ingurumen hezitzaileen bisita jasoko zutela adierazteko.

Ingurumen hezitzaileek elkarte guztiak bisitatu dituzte bi asteetan, baina ez dute lortu elkarte guztietako kideekin harremanetan jartzea. Hori horrela, Mankomunitatearen helburua ahalik eta herritar gehienengana iristea denez, birziklapena sustatzeko gizarteko esparru eta kolektibo guztietan, bigarren saiakera bat egingo du eta berriz bisitatuko ditu harremanik izatea lortu ez duten eskualdeko elkarteak datorren astean zehar.

Mankomunitateak harremanetan jartzea lortu ez duen elkarteetako kideek mezu bat bidali dezakete adur@vermican.com helbidera edo 620 568 597 telefonora deitu dezakete hitzordua adosteko.

Mankomunitatearen bisiten helburua da elkarteen beharrak ezagutzea eta birziklatzea errazteko baliabideak eskaintzea. Horrez gain, sukaldean erabiltzeko mantalak sortu ditu Mankomunitateak eta pare bat banatuko dira elkarte guztietan, uneoro birziklapenaren garrantzia gogoan izan dezaten.


Puntu morea