Elkarte gastronomikoetan birziklapena areagotzeko ekintzak egingo ditu Mankomunitateak

2021/11/04
Mankomunitatea eskualdeko elkarte guztiekin jarriko da harremanetan eta bisitak egingo ditu, haien beharrak ezagutzeko eta birziklapena areagotzeko baliabideak emateko. Sukaldean erabiltzeko mantalak ere banatuko ditu elkarte guztietan, Mankomunitatearen mezua gogoan izan dezaten uneoro.

Eskualdeko elkarte gastronomikoak zabalik daude berriro, eta, kontuan izanik bertan sortzen diren hondakin kopuru handiak, Mankomunitateak elkarteetan birziklapena areagotzeko ekintzak egingo ditu azaroan.

Elkarte gastronomikoetan hondakin kopuru nabarmena sortzen da, batez ere bio-hondakinak eta janari hondarrak, eta baita ontzi arinak, plastikoak, beira eta paperezko hondakinak ere. Hori horrela, elkarteetan jasangarritasuna sustatzeko eta eskualdeko herritarren inplikazioa ugaritzeko, elkarteetako kideen beharrak ezagutu nahi ditu Mankomunitateak, birziklapena areagotzeko erraztasunak emateko helburuarekin.

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, “Debabarrenako Mankomunitateak irmoki jarraitzen du lanean eskualdean sortzen diren hondakinak birziklatzearen garrantzia azpimarratzen. Eskualdeko gaikako bilketan urratsak egiten ari gara, eta irailean bilketaren %56,7koa izan zen, Mankomunitatean inoiz lortu den daturik hoberena. Dena den, oraindik bide luzea dago egiteko eta gizarteko kolektibo ezberdinetan eragiten jarraitu behar dugu 2030erako %70eko tasa lortzea errealitate bihurtzeko. Horregatik, eskualdeko elkarteetara gerturatuko gara azaroan, familian eta lagunartean elkartzeko gune hauetan ere birziklapena sustatzeko.”

Bisitak elkarteetara eta birziklatzea gogorarazteko mantalen banaketa

Arraizen hitzetan, “eskualdeko elkarte guztietara egingo ditugu bisitak. Modurik eraginkorrena dira herritarren benetako beharrak ezagutzeko eta Mankomunitatearen eta herritarren arteko harremana errazteko. Beharrak aztertu ondoren, baliabideak emango dizkiegu birziklapena errazteko.”

Datu base bat osatu du Mankomunitateak eta bertaratu aurretik elkarte guztiekin jarriko da harremanetan. Gutun bat bidaliko zaie Mankomunitatearen asmoa zein den azaltzeko, eta elkartera gerturatzeko data zehaztuko da.

Horrez gain, sukaldean erabiltzeko mantalak sortu ditu Mankomunitateak eta pare bat banatuko dira elkarte guztietan, uneoro birziklapenaren garrantzia gogoan izan dezaten.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.