Erabilgarri daude 456 edukiontzi hori eta urdin berriak

2023ko abenduaren 1a

Hondakinak edukiontzietara botatzea errazteko jarri dira edukiontzi hori eta urdin berriak, iglu itxurakoak ordezkatuz, gaikako bilketa handitzeko asmoz.

Azaroan zehar, Debabarreneko Mankomunitateak iglu formako 456 edukiontzi hori eta urdin ordezkatu ditu, estetikoki marroiaren eta grisaren antza duten eta irisgarriagoak diren beste batzuekin. Gaurtik aurrera, 2023ko abenduaren 1a, edukiontzi berri hauek erabilgarri daude.

Edukiontzi berriek aho handiagoa dute, eta horrek hondakinak bertara botatzea errazten du. Herritarrei erosotasuna ematea da zerbitzu berriaren helburua, eta bide batez, zerbitzua hobetzea, edukiontzi berriekin edukiontzi bakoitzera botatako zaborra azkarrago jasotzea lortzen baita. Irudi aldetik ere aldaketa ekarriko du lateralizazioak, edukiontzi guneen uniformetasuna ahalbidetuko baitu.

Eskualdeko herri guztietan jarri ditu Mankomunitateak edukiontzi berriak eta erabilgarri daude gaurtik aurrera. Edukiontziak eraberritzearekin batera, zerbitzua ere berritu da. Zerbitzu berria Prezero enpresak emango du, zeinarekin Mankomunitateak zortzi urteko kontratua sinatu duen, gehienez 8.153.675 euroko aurrekontuarekin, kontuan hartuta enpresak kobratuko duen zenbateko osoa aldakorra izango dela jasoko dituzten edukiontzi kopuruaren arabera. Kontratuak paperaren eta kartoiaren frakzioen bilketa, ontzi arinena eta pilena barne hartzen ditu, baita edukiontzien garbiketa ere.

Puntu morea