Eskualdeko fruta dendetan organikoaren gaikako bilketa hobetzeko urrats berriak

2023ko martxoaren 30a

• Eskualdeko 75 fruta denda bisitatu ditu Mankomunitateak, hondakinak gaur egun nola banatzen dituzten ezagutzeko eta birziklapen ohiturak hobetzeko izan ditzaketen beharrak antzemateko, helburua izanik eskualdeko gaikako bilketa hobetzea, bereziki organikoarena.

Legealdi honetan gaikako bilketa sustatzen jarraitzeko eta birziklapenaren inguruan herritarren sentsibilizazioa areagotzeko hainbat ekimen garatu ditu Mankomunitateak, hala nola, “ondo birziklatzea, guztion onura” kanpaina eskualdeko udalerri guztietan, azalera handi eta ertaineko establezimenduetan “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurraren sorrera, heziketa saioak ikastetxeetan…

Hondakinen kudeaketarako zerbitzuaren baitan, gaikako bilketaren sustapena izanik Mankomunitatearen eskumenen foku nagusia, bestelako zerbitzuak indartzeko urratsak ere egin dira azken urteotan, hala nola, Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzeko lanak garatu dira, udalerrietan kale garbiketa indartzeko inbertsioak egin dira, eskualdeko jantokietan xahuketa alimentarioaren aurkako proiektu piloto antzindari bat ere jarri da martxan, eta trantsizio ekologikoa sustatzeko lehen pausoak eman dira.

Gizarteko kolektibo ezberdinetan gaikako bilketa sustatzea helburu

Mankomunitatearen xedeetako bat da Debabarrenako kolektibo ezberdinetan gaikako bilketa sustatzea. Horretarako, argitaratu berri du bideo didaktiko bat euskaraz, gazteleraz eta arabieraz, eta ekintza desberdinak egin ditu kolektibo horiengana iristeko eta haien beharrak ezagutzeko: elkarte gastronomikoetara bisitak, tabernetara bisitak…

Azken aste honetan, aldiz, eskualdeko fruta dendak bisitatu ditu, 75 guztira, hondakinak gaur egun nola banatzen dituzten ezagutzeko eta birziklapen ohiturak hobetzeko izan ditzaketen beharrak antzemateko. Helburu horrekin, ingurumen hezitzaileek galdeketa bat egin diete fruta dendetako arduradunei eta eskuorri bat banatu diete, non azaltzen den edukiontzi marroira zer bota daitekeen eta zer ez.

Egungo hondakin bilketarekin gustora daude fruta denden erdia baino gehiago

Egin diren bisitetan identifikatu da Debabarrenako fruta dendek gaikako bilketa modu egokian egin ahal izateko edukiontzi berrien beharra dutela. Bisitatu diren fruta dendetatik, 10ek eskatu dituzte hondakin organikoak gaika biltzeko edukiontzi berriak, gehienek 50L-koak, 3k edukiontzi hori berriak eskatu dituzte eta batek papera eta kartoia birziklatzeko edukiontzi berria eskatu du.

Egungo hondakin bilketa sistemaren inguruan ere galdetu zaie fruta dendetako arduradunei, eta erdiek baino gehiagok (%53) adierazi dute egoki ikusten dutela, %10ak Soraluzen, Ermuan eta Deban edukiontzien garbiketa hobetu beharko litzatekeela adierazi du, %9ak uste du Eibarren, Ermuan eta Mutrikun bilketen maiztasuna handitu behar litzatekeela eta %8ak iradoki du Eibarren, Soraluzen, Mendaron, Deban eta Mutrikun edukiontzi gehiago jartzeko. Orain, Mankomunitateak jasotako iradokizunak baloratuko ditu eta neurriak hartzeko aukerak aztertuko ditu.

Puntu morea