Gaikako bilketak gora egin du irailean Debabarrenan

2020ko urriaren 23a

Aurtengo irailean hondakinen %54,71a bildu da gaika eskualdean, iaz baino %1 gehiago. Birziklapen daturik onenak dituzten herriak Deba eta Mutriku izan dira, %66,76 eta %64,54arekin.

Gaikako bilketak gora egin du irailean Debabarrenan eta Mankomunitateak datu hauek positiboak direla adierazi du. Frakzio zehatzei erreparatuta, bio-hondakinen 405 tona bildu dira gaika, papera eta kartoiari dagokionez 290 tona, ontzi arinak 126 tona eta beira 160 tona. Bestelako 355 tona bildu ditugu gaika, hauen artean nabarmentzekoak egurraren gaikako bilketan jasotako 233 tona. Errefusari dagokionez, hau da, edukiontzi grisean dena nahastuta jaso eta ondorioz ezin birziklatuta geratzen den hondakin frakzioan 1.183 tona jaso ditugu irailean zehar.

Aurtengo irailean Mankomunitateak hondakinen %54,71 jaso du gaika, iaz baino %1,03 gehiago. Oraingoz, urteko balantzea ere 2019koa baino positiboagoa da. 2020an orain arte hondakinen %55,06a jaso dugu gaika, 2019an baino  %1,04 gehiago.

Eskualdea osatzen duten herrien artean, Deba eta Mutriku izan dira irailean gaika gehien bildu duten herriak: eskualdeko bataz bestekoa baino 10 puntu gehiago jaso dituzte. Aipatzeko da Soraluzen ere %2ko igoera lortu dutela irailean aurreko urtearekin alderatuta, eta ari direla eskualdeko bataz bestekora gerturatzen.

Datuak positiboak dira, eta, pausoz pauso, ari gara gaikako bilketa datuak hobetzen eskualdean. Mankomunitateak hainbat ekimen eta kanpaina egin ditu azken hilabeteetan gaikako bilketan hobekuntza sustatzeko, esaterako tabernetan beira gehiago birziklatzeko kanpaina edo kartoi komertzialak jasotzeko zerbitzuaren ingurukoa. Denon artean 2030erako helburutzat jarri dugun %70eko gaikako bilketa lortzea posible da eta ezinbestekoa da elkarlanean, herritarrak eta erakundeak, ingurumenaren aldeko pauso txikiak ematen jarraitzea.

 


Puntu morea