Garbiguneen kanpoan hondakinak uzten dituzten pertsonei isunak jartzen hasiko da Mankomunitatea

2021/04/22
Isunak 1.750 eta 45.000 euro artekoak izan daitezke.

Azken hilabeteetan Mankomunitateak antzeman du garbiguneen inguruneak ordutegia errespetatu gabe eta bereizketa egokia egin gabe hondakinak botatzeko gune bihurtu direla, baita garbigunean utzi behar ez diren zaborrak uzteko guneak ere, esaterako, amianto-hondakinak.

Mankomunitatearen asmoa ez da zehapen-espedienteak irekitzea garbiguneak behar bezala erabil daitezen. Baina, egoera hobetu eta garbiguneak arduraz erabiltzen diren arte, garbiguneen kanpoan hondakinak uzten dituzten pertsonei isunak jartzen hasiko da Mankomunitatea. Hondakinak xede horretarako ezarritako guneetatik kanpo uztea arau-hauste oso larritzat tipifikatzen da hondakinak biltzeko zerbitzua arautzen duen Mankomunitatearen ordenantzan, eta, ondorioz, 1.750 eta 45.000 euro arteko isunak eragin ditzake.

Ia egunero, lehen orduan, Mankomunitateko langileek mota guztietako hondakinak aurkitzen dituzte, nahastuta, garbiguneen atarietan. Mankomunitateak gogorarazi du garbiguneen ordutegia 9: 00etatik 13:00etara eta 16: 00etatik 18:00etara dela astegunetan eta 9:00etatik 13:00etara larunbatetan.

Garbiguneak, gaikako bilketa areagotzeko funtsezko guneak

Garbiguneak oso azpiegitura garrantzitsuak dira normalean gutxiago sortzen ditugun hondakinak biltzeko. 2020an 2.146 tona hondakin bildu ziren hauetan, hala nola eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, etxeko hondakin arriskutsuak, zurak, pneumatikoak, etab. Garbiguneek, mini-garbiguneekin batera, hondakinen gaikako bilketa handitzeko eta hondakinen berrerabilpena edo birziklapena sustatzeko funtsezko espazioak dira.

Garbiguneetatik kanpo hondakinak uztearen debekua adierazteko kartelak

Mankomunitateak duela gutxi kartel bat jarri du Ermuako garbigunean, Urtia industrialdean, garbigune kanpoan hondakinak uztea debekatuta dagoela eta horrek izan ditzakeen ondorio ekonomikoak azalduz.

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.