Gaurtik aurrera kafe-kapsulak utzi ahal izango dira mini garbiguneetan, Mankomunitateak eta Nestlek sinatutako hitzarmenari esker

2021ko martxoaren 5a

Eskualdeko 12 garbiguneetan aldaketa txikiak egingo dira plastikozko eta aluminiozko kapsulak konpartimentu desberdinetan utzi ahal izateko.

Plastikozko edo aluminiozko kafe kapsulen erabilerak nabarmen egin du gora azken urteotan. Orain arte, hondakin horiek errefusaren edukiontzi grisean uzten ziren eta ez ziren birziklatzen, baina martxoaren 5etik aurrera irteera bat eman ahal izango zaie birziklatzeko edo balorizatzeko.

Eskualdeko 12 garbiguneek bi konpartimentu izango dituzte kafe-kapsulak uzteko: bat aluminiozko kapsuletarako eta bestea plastikozkoetarako. Konpartimentuak betetzen direnean, Mankomunitateko langileek kapsulak garbiguneetara eramango dituzte, eta Nestléren esku geratuko dira ondoren. Kapsulak ere garbigunera eraman ahal izango dira zuzenean.

Berrikuntza hau Mankomunitateak eta Nestlek sinatutako hitzarmenari esker ezarriko da, eta zerbitzuak ez du inolako kosturik izango Mankomunitatearentzat. Akordioak lau urteko iraupena du, luzatzeko aukerarekin. Mankomunitatetik adierazi dutenez, "hitzarmen hau aurrerapauso bat da, lehen eskualdean birziklatu ezin genituen hondakinak birziklatzeko aukera ematen baitu. 2030erako gaikako bilketaren %70era iristeko helburua asmo handikoa da, eta horrelako ekintza txikiek norabide zuzena markatzen dute."

Mugikorren hondakinak garbigune txikietan

Orain arte 3 konpartimentu zeuden mini garbiguneetan telefono mugikorrekin lotutako hondakinak botatzeko. Hemendik aurrera, kapsulak uzteko lekua gehituta, mugikorren hondakinek konpartimentu bakarra izango dute.


Puntu morea