Harrera bikaina izan dute ingurumen heziketa saioek, non ikasleen zalantzak argitu diren hondakinen kudeaketaren inguruan

2022ko ekainaren 22a

Nazioarteko Ingurumenaren Egunaren harira, ekainak 5, Mankomunitateak hainbat heziketa saio eman ditu Eibar, Elgoibar eta Mutrikuko ikastetxeetan, eta harrera ona izan dutela adierazi dute Mankomunitatetik.

Debabarrenako Mankomunitateak lanean dihardu hondakinen birziklapenaren inguruan gizarteko kolektibo desberdinak sentsibilizatzen.

Ingurumen heziketa saioak eman ditu ekainean zehar Eibar, Elgoibar eta Mutrikuko ikastetxeetan, Nazioarteko Ingurumen Egunaren harira, belaunaldi berriei birziklapen ohitura egokiak transmititzeko eta hondakinen kudeaketaren inguruko ezagutza zabaltzeko helburuarekin.

 

Harrera ona

Harrera ona izan dute ingurumen heziketa saioek, eta ikasleen inplikazioa positiboki baloratu du Mankomunitateak: “horrelako ekintzen bidez Mankomunitatea belaunaldi berriengana hurbiltzea da helburua, birziklapen ohitura onak gizarteratzen jarraitzeko. Ikastetxeak eta ikasleak eskertu nahi ditugu erakutsi duten jarrera, entzuteko eta ikasteko prest agertu baitira uneoro eta aukera izan baitugu haien zalantzak entzun eta erantzuteko”, adierazi dute Mankomunitatetik.

 

Ikasleen zalantzak argitzeko aukera

Hiru kezka nagusi adierazi dituzte ikasleek saioetan. Batetik, hondakin mota bakoitza nola birziklatu eta sailkatu behar den azaldu zaie eta sortu zaizkien zalantzak argitu zaizkie.

Batetik, hainbatetan galdetu dute ea hondakinak jasotzean, edukiontzietan bereizita dauden hondakinak kamioian nahasten diren. Mankomunitateak saioetan adierazi die kamioi bakoitzak hondakin mota bat jasotzen duela, hondakinak bereizita jasotzen direla bermatzeko.

Azkenik, “zertarako bereizi hondakinak ondoren guztiak leku berera badoaz?” esaldia errepikatu da saioetan behin baino gehiagotan. Mankomunitatetik azaldu zaie hondakin mota bakoitzari beharrezko trataera ematen zaiola, eta ondorioz, ez doazela denak “leku berera”. Zehazki, biohondakinak Bergarako Epele plantara eramaten dira konposta egiteko edo Zubietako ingurumen gunera tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioetan ahal dena aprobetxatzeko. Papera eta kartoia, aldiz, Zornotzako Saica enpresara bideratzen da, ontzi arinak Legazpin kokatuta dagoen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziora, beira Ecovidrio erakundeak kudeatzen du eta errefusa Zubietako ingurumen gunera eramaten da balorizazio energetikoko instalazioetan tratatzeko.

Ikasturte berrian ingurumen heziketa saioak jaso nahi dituzten ikastetxeek ingurumena@debabarrena.eus helbidera idatzi dezakete.


Puntu morea