Hasi da eskualdeko jantokietan elikagaien xahutzea saihesteko diagnostiko fasea

2022/09/29
Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria: "Proiektu pilotu hau EAEko jantoki publikoetan elikagaien xahuketaren inguruan egiten den lehenetarikoa da. Esan daiteke Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak lan egiteko bide berri bat ireki dutela elkarlanean, elikagaien xahuketa eta honen ondorio negatiboak murrizteko. Proiektu honek etorkizun hurbilean beharrezko urratsak egiteko balio izatea espero dugu".

Debabarrenako Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak bat egin dute Elikagaien Galeraren eta Xahutzearen inguruko Nazioarteko Kontzentziazio Egunarekin, eta prentsaren aurrean aurkeztu dute eskualdean elikagaiak alferrik ez galtzeko elkarrekin garatzen ari diren proiektua.

 

Iosu Arraizek, Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, “Mankomunitatearen lan-ildoetako bat da eskualdean praktika jasangarriak sustatzea eskaintzen ditugun zerbitzuen bidez. Horregatik, hondakinen gaikako kudeaketaren ikuspegitik, argi daukagu hondakinik onena sortzen ez dena dela, eta, ondoren, gaika birziklatzen dena. NBEren arabera, munduko elikagai guztien bostenak etxeetako, jatetxeetako eta bestelako elikagai-zerbitzuetako zaborrontzietan amaitzen du. Horregatik, Eibarko Hezkuntza Esparruarekin bat egin dugu Debabarreneko jantokietako elikagaien xahutzea aztertzeko proiektu pilotu hau garatzeko, ekonomia zirkularra sustatzeko eta Debabarreneko jantoki publiko eta pribatu guztietan sortzen diren hondakinen murrizketan oinarritutako praktikak ezartzeko oinarriak finkatzeko”. 

Arraizek, amaitzeko, azpimarratu du “proiektu hau EAEko jantoki publikoetako elikagaien xahutzearen inguruan egiten den lehenetarikoa” dela, eta, horregatik, esan daiteke “Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak lan egiteko bide berri bat ireki dutela elkarlanean, elikagaien xahuketa eta honen ondorio negatiboak murrizteko. Proiektu honek etorkizun hurbilean beharrezko urratsak egiteko balio izatea espero dugu.”

 

Helburua: jantokietan elikagaien xahuketa prebenitzeko oinarriak finkatzea

Uxue Zabaleta, Eibarko Hezkuntza Esparruko Agenda 2030 programaren koordinatzaileak azpimarratu duenez, “elikadura-sistemak eraldatzeko beharra dago elikagaien segurtasuna, nutrizio-kalitatea eta egungo eta etorkizuneko belaunaldien osasun publikoa bermatzeko. Horregatik jarri dugu abian elikagaien xahuketaren inguruko proiektu pilotu hau”.

Zabaletak azaldu duenez, proiektu pilotuaren helburu nagusia Debabarreneko jantoki publiko eta pribatuetan elikagaien xahuketa prebenitzeko oinarriak finkatzea da, eskualdean sortutako hondakinen kopurua % 10 murrizteko helburua lortzeko urratsak egiteko.

Gainera, proiektuak hezkuntza-komunitatea kontzientziatu nahi du ekonomia zirkularraz eta elikagaien xahuketaren arazoaz, eta, aldi berean, Euskadiko elikagaien ekoizpen, hornidura eta kontsumo katean xahutzen den elikagai-kopurua prebenitzeko eta murrizteko jarduera zehatz batzuk bultzatu eta laguntzea ere helburu du, Euskadiko Despilfarroaren aurkako Jardueren Planaren baitan.

 

Hasi da diagnostiko fasea

 

Mankomunitateak urte hasieran aurreratu zuen bezala, diagnostiko bat egingo da Eibarko zentroko sukaldean eta jantokian sortzen diren soberakinak neurtu eta kuantifikatzeko, eta, ondoren, elikagaien xahutzea saihesteko ekintza-plana garatuko da.

Hasiera batean, diagnostikoa maiatzean egitea aurreikusten zen, baina azterketa garaiaren eta ikasturtearen amaieraren ondorioz jantokiko erabiltzaileen ohituretan izandako aldaketak ikusita, azterketa udazkenera atzeratu da, errealitatera hobeto egokitzen diren datuak lortu ahal izateko. Urrian hasiko da diagnostikoa.

Diagnostikoa Konplexuko jantokian egingo da, non 200 pertsonak gosaltzen, jaten eta afaltzen duten egunero, gehienak egoitzan bertan egoiliar direnak. Neurketak sukaldean eta jangelan egingo dira, eta analisia eguneko hiru otorduetan egingo da, asteko 7 egunetan, menu desberdinetan elikagaien xahutzeak izan dezakeen egoera eta ingurumen-baldintzak ezagutzeko. Enraíza Derechos eta Oreka erakundeak arduratuko dira diagnostikoa egiteaz, biak Elikagaien Xahutzearen aurkako Euskadiko Plataformako kide baitira.

Diagnostiko fasea amaitu ondoren, ekintza plan bat egingo da datozen urteetan elikagaien xahutzea murrizteko, eta Eibarko Hezkuntza Esparruak eta Mankomunitateak soberakinak birbanatzeko eta birbalorizatzeko sistema bat ere proposatuko dute, “Euskadiko elikagai soberakinak emateko orientazio gidan” jasotakoaren baitan.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.