Herrietako plazak zaborrez bete ditu Mankomunitateak Hondakinen Prebentziorako Europako Astean herritarrak sentsibilizatzeko

2021ko azaroaren 22a

Eskualdean sortzen den hondakin kopuru kezkagarriaren inguruan sentsibilizatzeko kanpaina abiarazi du Mankomunitateak Mutrikun.

Debabarrenako Mankomunitateak Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan sortu duen sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du gaur. Azaroaren 20tik 28ra ospatzen da aurten, eta helburu du gizakiok sortzen dugun hondakin kopuruaren inguruko hausnarketa sustatzea eta hondakin gutxiago sortzeko bideak hedatzea. 

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, “Mankomunitatea etengabe ari da lanean gaikako bilketaren tasa hobetzeko, eskualdea jasangarriagoa izan dadin eta ingurumenarekiko zaintza areagotzeko. Baina ezin dugu ahaztu gero eta gehiago birziklatzen dugun arren, sortzen dugun hondakin kopurua ere nabarmen handitzen ari dela, eta kezkagarria da hori. 2020an 31.193 tona hondakin sortu ziren eskualde osoan, biztanleko ia tona erdi. Horregatik, herritarrak kontzientziatzeko eta hausnarketa eragiteko, sentsibilizazio kanpaina jarri dugu martxan. Tokian tokiko administrazioek erregulatu behar dituzte sortutako hondakin kopurua murrizteko neurriak, baina gutako bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da, norberak keinu txikiak egin ditzakelako egunerokotasunean bere ingurumen aztarna murrizteko eta hondakin gutxiago sortzeko.”

Informazioa gizarteratzea, hondakin gutxiago sortzeko bideak zabaltzeko

Datuak eta informazioa zabaltzeko eskuorriak sortu dira, eta norberak hondakin gutxiago sortzeko egin ditzakeen 7 ekintza bildu dira bertan, sortutako hondakin kopurua gutxitzeko bideak hedatzeko eta informazioa gizarteratzeko. Horretarako, baita ere, ingurumen hezitzaileak egongo dira aste osoan zehar eskualdeko herrietako edukiontzi puntu ezberdinetan herritarrei informazioa emateko eta hondakin gutxiago sortzeko moduak azaltzeko. Mutrikun hasiko dira informazioa banatzen gaur goizean bertan.

Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkateak, prentsaurrean adierazi duenez, “hondakinen bilketarekin kezka dago herrian, baina hondakinen sorrerari ere jarri behar diogu arreta, eta hondakinak botatzeko orduan ditugun ohiturei. Etxetik hasi eta hondakinlekura heldu arteko prozesuan denok dugu arduraren geure zatia. Guztiok gauzak ondo egiteak guztiontzako onura ekarriko digu.”

Gaur goiza Mutrikun igaro ondoren, arratsaldean Deban egongo dira hezitzaileak, autobus geltoki ondoko edukiontzien ondoan. Azaroaren 23an, goizez Mallabian egongo dira, Mikel Zarate 8 parean, eta arratsaldean Mendaron, Kilimon hiribidean. Azaroaren 24an, asteazkena, Eibarko Urkizuko edukiontzietan egongo dira goizean, eta Untzaga ondoan arratsaldean. Azaroaren 25ean, goizean Soraluzen egongo dira Erregetxen, eta arratsaldean Elgoibarren Bernardo Ezenarroko edukiontzien ondoan. Azkenik, ostiralean, azaroak 26, Ermuan egongo dira, goizean San Pelaio plazan eta arratsaldean Probalekuko eta Karabixako puntuen artean.

Herriko plazak zaborrez beteta, sortzen den hondakin kopuruaren inguruko hausnarketa sustatzeko

Urte batean eskualdean sortzen den hondakin kopuruarekin, 31.193 tona, Debabarrenako herrietako plazak bi aldiz zaborrez bete ahalko lirateke. Ideia hori du ardatz Mankomunitateak abiarazi duen kanpainak. Eskualdea osatzen duten 8 herrietako plazak zaborrez bete ditu argazki errealistetan, hausnarketa eragiteko irudi esanguratsuen bidez eta mezu jakin bat helarazteko herritar guztiei: “zenbat hondakin sortu dituzu aste honetan?”. Mezuaren helburua da gogoeta sustatzea, eta pentsaraztea. Argazki guztiekin eta datu esanguratsuekin bideo bat ere osatu da sareetan zabaltzeko. 

 

 


Puntu morea