Hobekuntzak erabilitako arropa eta beste hondakin berrerabilgarri batzuk biltzeko zerbitzuan

2021ko otsailaren 4a

Hemendik aurrera arropa, oihal eta ehunez gain, liburuak, jostailuak, bitxiak (lepokoak...) eta bazar-hondakinak (iruditxoak eta bestelakoak) ere utzi ahal izango dira edukiontzian, material hauen berrerabilpena sustatzeko helburuarekin.

Debabarrena Mankomunitateak hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzen jarraitzen du, eta 2021ean arropa, oihalak eta ehunak biltzeko edukiontzian, liburuak, jostailuak, bitxiak (lepokoak...) eta bazar-hondakinak (figuratxoak eta bestelakoak) ere bilduko dira. Helburua da ahalik eta hondakin gehien gaika biltzea, baita euren tipologiagatik berrerabiltzen errazak direnak ere, hortaz, hemendik aurrera edukiontzi honetara ere bota ahal izango dira aurrez aipatutakoak.

Mankomunitateak, lehiaketa publiko baten bidez, lau urterako esleitu dio erabilitako arropa eta beste hondakin berrerabilgarri batzuk biltzeko zerbitzua Koopera irabazi asmorik gabeko enpresari. Lau urteko zerbitzuak 49.280 euroko kostua izango du, eta erabilitako arropa eta beste hondakin berrerabilgarri batzuk jasoko ditu eskualdeko 8 udalerrietan banatutako 35 edukiontzitan.

Gaur egun, eskualdean arropa eta beste hondakin berrerabilgarriak jasotzeko 33 edukiontzi ditugu: Eibarren 11, Ermuan 6, Elgoibarren 5, Deban 4, Soraluzen 3, Mutrikun 2 eta Mallabian eta Mendaron bana. Kontratu berriarekin bi edukiontzi berri izango ditugu, eta horiek non jarri erabaki beharko da.

2019an, mota honetako 273 tona hondakin sortu ziren Debabarrenan; 2020an, berriz, kopuru hori 255 tonara jaitsi zen. 2021erako kopuruak gora egitea espero da, eta 282 tona biltzea. 2019an 3,84kg bildu ziren biztanleko, 2020an 3,78kg eta 2021ean 3,94kg.

2020an Debako, Mutrikuko eta Mendaroko biztanleek bereizi zituzten gehien mota horretako hondakinak, eta Deban zehazki 5,69 kg-ra iritsi zen biztanle bakoitzak bereizitakoaren kopurua. Mankomunitatetik adierazi dute: "lanean jarraituko dugu gainerako udalerriek mota horretako hondakinen gaikako bilketa maila horietara irits daitezen".

Bilketa maiztasunak

Hondakin gehien sortzen diren udalerrietan, hau da, Eibarren, Ermuan eta Elgoibarren, bilketa astean hirutan egingo da, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Eskualdeko gainerako udalerriei dagokienez, bilketa astean bitan egingo da, astearteetan eta ostegunetan. Kasu guztietan, bilketa egunez egingo da.

 

Hondakinen berrerabilera sustatuz

2019an, Kooperak bildutako hondakinen %47,49a berrerabili zen, %37,63a birziklatu egin zen, eta %14,88a soilik geratu zen balorizazio energetikorako. Kooperak berrerabilpen tasa hori lortu du, hein batean, eskualdean dituen bi dendei esker, "Koopera Store" izenekoak, non berrerabilitako material horiek merkaturatzen diren. Horietako bat Ermuako Goienkale kaleko 7. zenbakian dago, eta bestea Eibarko Zuloagatarren kaleko 5. zenbakian.

 

Mankomunitatetik Debabarreneko herritarrak hondakin mota horiek bereiztera animatzen jarraitu nahi dugu, erraz berrerabil daitezkeenez, ingurumen-inpaktu txikiagoa sortzen baitute. Mota horretako hondakinen gaikako bilketak Mankomunitateak 2030erako proposatutako gaikako bilketaren % 70eko helburura iristen lagunduko du.

 


Puntu morea