Arcadio Benítez, Debabarreneko presidentearen hitzaldia, Azitaingo garbigunearen inaugurazioan

2014/02/26
Azitaingo Garbigune berriari esker, birziklatzea %5 igoko da Debabarreneko Mankomunitatean

Mankomunitateko garbiguneen sareak 2.000 tona hondakin bilduko ditu urtean, eta gaikako bilketa-tasa %32 baino handiagoa izango da.

Eskerrik asko inaugurazio honetara etorri zareten guztioi, eta, bereziki, Eibarko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, zuen laguntzarik gabe ezinezkoa izango baitzen garbigune hau abian jartzea.

Gaur inauguratuko dugun azpiegitura hau oso garrantzitsua da Debabarreneko eskualdeko hondakinen tratamendurako. Azitaingo Garbigune berriari esker, gure birziklatze-politikak indartu eta bultzatu ahal izango ditugu.

Hondakinak behar bezala eta bereiz uzteko leku bat eskainiko diegu erabiltzaileei. Gainera, Garbigunearen erabilera doakoa da, eta sarbide erosoa duen instalazio moderno batean ematen da zerbitzua. Zerbitzu berria bihar bertan jarriko da abian, eta, horri esker, gaikako bilketaren ratioak hobeak izango dira, eta kontrolik gabeko isurketak desagertu egingo dira neurri handi batean. Beraz, birziklatzea eta parte-hartzea bultzatzen duen azpiegitura dela esan daiteke, gauzak ongi egiteko aukera emango duen zerbitzu bat planteatzen baitu, malgutasunez eta zentzuz.

Mankomunitateak garatu nahi duen politika hauxe da, hain zuzen ere: herritarren kontzientziazioa, eta gauzak ongi egiteko eta arazoak konpontzeko azpiegiturak.

Datuei dagokienez, azpiegitura berri hau urrats handia izango da Debabarrenarentzat. Mankomunitatearen azterlan eta aurreikuspenen arabera, urtean 2.000 tona hondakin bilduko dira egungo garbiguneetan (lehen 700 tona urtean). Hortaz, 1.300 tona gehiago bilduko dira, eta, horietatik, 1.050 tona Azitaingo garbigunean bilduko direla aurreikusi da, eta beste 250 tona, berriz, sareko gainerako garbiguneetan (Elgoibarren, Ermuan eta Mutrikun). Hona hemen datu esanguratsu bat: garbiguneen sareak 325 tona egur, 250 tona obra-hondakin, 200 tona inausketa- eta lorazaintza-hondakin, 120 tona txatar, 115 tona tamaina handiko hondakin, eta 85 tona pneumatiko bilduko ditu urtean.

Hobekuntza horrek Mankomunitateko bilketa- eta birziklatze-ehunekoetan izango duen ondorioa esanguratsua izango da. Arestian aipatu ditugun 1.300 tona gehiago horiek Mankomunitatean sortutako hondakin guztien % 5 dira (26.200 tona daude aurreikusita 2014rako). Eta gaikako bilketan izango duen ondorioari dagokionez, %27,88tik (2013) %32ra igoko da bilketa.

Gogorarazi nahi dut, halaber, zerbitzua nagusiki partikularrei zuzenduta badago ere igeltserotzari lotutako gremioek eta pneumatikoen ekoizleek ere erabil dezaketela eta erabili behar dutela Garbigunea, eta zerbitzua haientzat ere doakoa dela.

Azkenik, esan nahi dut Garbigunea abian jartzeak ez duela eraginik izango orain arteko ezein bilketa motatan. Bilketa horiek orain arte bezala egingo dira. Garbiguneak ez du beste ezein bilketa motarik ordeztuko. Aitzitik, Mankomunitateko birziklatze-politika indartzea eta herritarrek zeregin horretan parte hartzeko aukera erraztea du helburu.

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.