Irailetik aurrera, Debabarrenako Mankomunitatea tasa bat kobratzen hasiko da EEH-ko 100 kilo hondakin baino gehiago uzten dituztenei
Debabarrenako Mankomunitateak iragarri duenez, irailetik aurrera neurri berri bat abian jarriko da Garbiguneetan, astean, Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinen (EEH) 100 kilo baino gehiago uzten dituztenentzat. Izan ere, eraikuntzako eta eraispeneko jardueretan sortutako hondakinak modu eraginkorrago eta iraunkorragoan kudeatu behar dira.
Orain arte, zerbitzua doakoa izan da; jarduera Debabarrena barruan egiten ari dela egiaztatzeko obra-lizentzia aurkeztu besterik ez zen egin behar. Mankomunitateak, 2023. urtean, 74.800 euro bideratu zituen era horretako hondakinen tratamendurako, eta 2024ari dagokionez, zenbatekoa dagoeneko 40.200 eurokoa da.
Hondakinak, ordea, gehitzen ari dira, eta horiek tratatzeko kostua handia da. Hori dela eta, kudeaketa-kostuak orekatzeko eta hondakinak sortzerakoan praktika arduratsuak sustatzeko helburuarekin, tasa berri bat ezarri da kopuru hori gainditzen duten erabiltzaileentzat. Nabarmendu behar da asteko, gehienez, 500 kg utzi ahal izango direla Debabarrenako Garbiguneetan
Hondakinak behar bezala sailkatzea
Debabarrenan, partikular eta gremio txiki askok berrikuntzak egiten dituzte bere etxe edo lokaletan urte osoan zehar. Jarduera horien bidez sortutako hondakinak Garbiguneetara eraman daitezke, beti ere hurrengo bi kategorietan banatzen badira: obra-hondakin garbiak eta zikinak. Obra-hondakin garbien artean, adreiluak, hormigoia, baldosak, harriak, arrokak eta zeramika sartzen dira; hondakin zikinen artean, berriz, igeltsuak, moldurak eta panelak daude.
Hondakin horiek behar bezala bereiztea funtsezkoa da, araudia betetzeaz gain, hondakin garbiak agregakinak ekoizteko berrerabili eta eraikuntza berrietan erabil baitaitezke. Bestalde, hondakin zikinak ezin dira birziklatu, eta hondakin bizigabeentzako zabortegi espezifikoetan utzi behar dira.