Maiatzaren 2tik aurrera, abian ontzi arinen gaikako bilketa hobetzeko proba pilotua Mutrikun
Gailu adimenduen bidez herritarrek ontzi arinak sailkatzeko duten ohitura aztertuko da, eta, puntuazio sistema baten bidez, hilabetero Mutrikuko produktuez osatutako saskia, 100 eurotan baloratua, emango zaio puntu gehien eskuratzen dituen herritarrari.
Debabarrenako Mankomunitateak eta Mutrikuko Udalak bat egin dute udalerriko ontzi arinen gaikako bilketa hobetzeko helburuarekin. Horretarako, proba pilotua jarriko dute martxan maiatzaren 1ean: gailu adimendunak jarri dira dagoeneko Mutrikuko 24 edukiontzi horietan, eta herritarrek ontzi arinak sailkatzeko duten ohitura aztertuko da hauen bidez.
Proiektua herritarrekin elkarlanean garatzeko, lehenik martxoan bilera irekiak egin dira Mutrikuko hainbat auzotan, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Apirilean, aldiz, herritarren ekarpenak jaso dira, eta maiatzaren 1Ean jarriko da martxan proiektua.
“Mutrikuko lehen alkateordea naizen aldetik, esan beharra daukat harro sentitzen garela Debabarrena eskualdeko hondakinen gaikako bilketako datu onenak dituelako Mutrikuk. Hala eta guztiz ere, hobetzeko tarte handia dugu oraindik. Ondorioz, mutrikuar guztioi proiektuan parte hartzera animatzen zaituztet.”, adierazi du prentsaurrean Ainhize Azpiazu Azkarraga, Mutrikuko lehen alkateordeak.
Sariak ontzi arinak egokien sailkatzen dituzten herritarrentzat
Proiektuak helburu du ontzi arinen gaikako bilketa sustatzea, eta gaika biltzen diren ontzi arinen kantitatea eta kalitatea handitzea. Horretarako, herritarren inplikazioa ezinbestekoa da. Hori horrela, puntuazio sistema bat ezarriko da, eta hilabetero Mutrikuko produktuez osatutako saskia, 100 eurotan baloratua, emango zaio puntu gehien eskuratzen dituen herritarrari.
Hona hemen proiektuaren funtzionamendua:
Edukiontzi horien bi zuloetako batean instalatu dira gailu adimendunak. Herritarrak ontzi arinak botatzera doazenean, euren burua identifikatu beharko dute. Alde batetik, Recysmart aplikazioan kontua sortuz identifikatu daitezke herritarrak. Bestetik, txartelaren bidez identifikatzeko aukera ere egongo da. Udala lanean ari da Mankomunitateko txartela (organikoko poltsak ateratzeko erabiltzen dena) proiektu honetan erabili ahal izateko. Dena den, aipatutako txartelik ez duenak, Mutrikuko Udaleko energia sailera gerturatuz eskuratuko du berau.Identifikatu ostean, parte hartzaileek gailua dagoen zulotik bota beharko dituzte ontzi arinak banan-banan. Honela, gailuak hondakin mota identifikatuko du eta egoki sailkatuta badago, puntuak emango dizkio herritarrari. Hau da, ondo birziklatutako ontzi bakoitzeko puntu bat eskuratuko dute parte-hartzaileek. Hilabetero, puntu gehien eskuratzen dituen herritarrak Mutrikuko produktuez osatutako 100€ko saskia irabaziko du.