Mankomunitateak 17.181.445,21 euroko aurrekontua onartu du 2024rako
● Mankomunitateak 2024an 209,96 euro inbertituko ditu herritar bakoitzeko hondakinen bilketan, birziklatzean eta kale garbiketan., 2023an baino % 9,68 gehiago.
Debabarrena eskualdeko Mankomunitateak 2024rako 17.181.445,21 euroko aurrekontua onartu du, iaz baino 1.246.958,45 euro gehiago (% 7,82). Urte berrirako aurrekontuaren helburua da gaur egun ematen dituen zerbitzuen kalitateari eustea da, hobekuntzak txertatuz eta gastuei eusten saiatuz, Mankomunitatea osatzen duten udalei kuotak gehiegi ez handitzeko; hori guztia, inflazioaren ondorioz etengabe kostuak nabarmen igotzen ari diren testuinguruan, erregaiaren gastua eta ibilgailuen konponketa- eta mantentze-lanetako gastuen igoera nabarmenduz eta, honekin, batera, lege eskakizun berriengatiko aparteko gastuak, hala nola, errausketagatik ordaindu beharreko zerga.
Hiru ardatz nagusi zerbitzu publikoa hobetzen jarraitzeko
Hiru ardatz nagusi izan dira kontuan 2024ko aurrekontua osatzerakoan: zorroztasun ekonomikoa, ekonomia berderantz trantsizioa eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzea. Hori horrela, honako helburu nagusiak finkatu dira egungo zerbitzuak hobetzeko: kale garbiketa zerbitzua indartzea ur bidez ematen den zerbitzua handituz eta lan egiteko material berriak erosiz, zerbitzuak digitalizatzeko proiektua garatzea eta martxan jartzea, Plan Estrategikoa amaitzea helburu estrategikoak eta ekintza plana finkatuz, organikoaren edukiontziak ixtea eta Eibarko lantegiaren eta transferentzia-estazioaren eraberritzea egitea, besteak beste.
Beraz, ahalegin ekonomiko nagusia hiri-hondakinak gaika biltzera eta kudeatzera bideratutako partidetan egin da. Partida horien zenbatekoa 10.351.094,09 eurokoa da guztira, 2023an baino 1.033.289,73 euro gehiago. Atal honetan, indartu diren esparru hauek nabarmentzen dira: zatiki berrien bilketa martxan jartzea, edukiontziak berritzea karga lateraleko edukiontzien bidez eta hiri-hondakinen bilketa zerbitzuaren digitalizazioa martxan jartzea.
Gaikako bilketaren ondoren, kale garbiketak du pisu berezia aurrekontuan. Mankomunitateak 4.768.513,74 € erabiliko ditu horretarako, 2023an baino 283.570,53 euro gehiago. Arlo horretan, ondorengo inbertsio egingo dira: hiru ekortzeko makina, hidrogarbigailu bat eta kale garbiketako aldageletako takillak erostea, besteak beste.
Inbertsioak eta diru-sarrerak
2023rako aurreikusitako inbertsio nagusiek kaleak garbitzeko eta hiri-hondakinak gaika biltzeko zerbitzuak emateko erabili beharreko baliabide materialak hobetzeko beharrak asetzen dituzte, baita trantsizio energetikoai dagokionean urratsak egiten jarraitzeko ere. Inbertsio horiek bat datoz amortizatutako ibilgailuak eta makineria birjartzearekin. 2024rako inbertsioa guztira 1.750.228 eurokoa da (2023an baino 14.602 euro gehiago).
Diru-sarrerei dagokienez, Mankomunitateak 1.234.491 euroko diru-sarrerak izango dituela aurreikusten da, baliabide propioetatik datozenak, hau da, 2023an baino 101.644 euro gehiago.
Esan bezala, helburua izan da, ahal den heinean, Udalen kuotei eustea eta gastuen zati bat baliabide propioekin ordaintzen saiatzea.
Horretarako, Mankomunitateak 690.000 euroko finantzaketa jasotzea aurreikusten du Ecoembes-en eskutik, ontziak eta papera gaika biltzeagatik eta sentsibilizazio-kanpaina bat ere finantzatuko du erakundeak, guztira 2023an baino 40.000 euro gehiago bideratuz Mankomunitatera. Horrez gain, Eibarko Udalak kartelak kentzeko eta fatxadak garbitzeko zerbitzua kontratatu dio aurten ere Mankomunitateari, 90.000 eurorarteko diru sarrerak izango ditu horretarako, aurreko ekitaldian baino 13.000 euro gehiago. Eta horrez gain, Eibarko kale garbiketa hobetzeko planean jasotako ekintzak gauzatzeko 187.391,36 euro ordainduko dizkio Eibarko Udalak Mankomunitateari.
Honakoak izango dira urte berrian Udalek Mankomunitateari ordaindu beharreko kuotak:
Gastu arrunta
Kostu gehienak igotzen ari dira oro har, bereziki hornidurak eta erregaien gastua. Bestalde, langileen gastua eta GHK-k fakturatutako hondakinen altako kudeaketa-gastua ere igotzea igotzea aurreikusten da, errausketa zerga berriarekin batera. Baita, 2024 urtera begira lizitatutako zerbitzu batzuk, besteak beste, papera-kartoiaren bilketa, ontzien eta pilen gaikako bilketa zerbitzua, zerbitzuen digitalizazioaren 2. fasea… Langileen gastuari dagokionez, 2024ko aurrekontuan % 2ko soldata-igoera aurreikusi da. Horrekin guztiarekin, langileen gastua 7.488.508 eurokoa da.