Mankomunitateak 2020ko udan aurreko urtean baino hondakin gehiago jaso ditu gaika

2020ko irailaren 24a

Aurtengo uztailean %56,84ko gaikako bilketa lortu zen Debabarrenan, datu positiboa iazko %51,60koarekin alderatuta. Abuztuan %48,67koa izan da gaikako bilketa, iaz baino ia %1 altuagoa.

  • Mankomunitatetik adierazi dute: “datu positiboak ospatu behar badira ere, oraindik lan asko dago egiteko eskualde mailan eta ezinbestekoa da gizarteko eragile guztien inplikazioa”.  

Debabarrenako Mankomunitateak 2020ko udan 2019an baino hondakin gehiago jaso ditu gaika. 2020an, hortaz, urtarriletik abuztura bitarteko datuek adierazten dutenez, %55,11ko gaikako bilketa lortu da, 2019an baino %1,07 handiagoa.

Orokorrean, 2020ko udan hondakin gehiago jaso dira gaika, eta hobekuntza leunak somatu dira frakzio gehienetan, batez ere organikoaren gaikako bilketan eta baita papera eta kartoiarenean. 2020ko uztailean eta abuztuan 734 tona organiko jaso dira guztira, eta 2019an, berriz, 644. Papera eta kartoiari dagokionez, 611 tona jaso dira aurten, aurreko urteko 500 tonekin alderatuta.

Mankomunitatetik jakinarazi dute lanean jarraituko dutela 2030 urtera begira jarritako helburua lortzeko: eskualdean sortutako hondakinen %70a gaika biltzea. Horretarako, adierazi dutenez, “datu positiboak ospatu behar badira ere, oraindik lan asko dago egiteko eskualde mailan eta ezinbestekoa da gizarteko eragile guztien inplikazioa”.  

Udazkenean hainbat proiektu abiarazi ditu Debabarrenako Mankomunitateak gaikako bilketa sustatzeko, hala nola, frutadenda, jatetxe eta pintxodun tabernetan hondakin organikoak gaika jasotzeko kanpaina edo Deba, Mutriku eta Elgoibarko tabernetan gaika biltzen den beira kopurua handitzeko kanpaina. 

Bide batez, gogorarazi dute hondakin bakoitza bere edukiontzian botatzeak duen garrantzia, izan ere, hondakinak edukiontzi okerretara botaz gero, edukiontzi guztia kutsatzen dugu, eta gainerako biztanleek ongi egindako bereizketa zapuztu dezakegu.

 


Puntu morea